'Euskaraz bai' ekitaldia egingo dute ostiralean, plazan

Uztarria.eus 2008ko aza. 26a, 13:11

Kontseiluaren 10. urteurrena ospatuko dute abenduaren 13an, Barakaldon, eta horri buruzkoa izango da Azpeitiko ekimena

BECeko ekitaldira joateko informazioa emango dute, besteak beste; 19:00etan hasiko da

Kontseiluak 10. urteurrena ospatuko du abenduaren 13an, Barakaldon (Bizkaia), BECen, Euskaraz bai ekitaldiaren bidez, eta Azpeitian ostiral honetan Kontseiluak eta euskalgintzak ekimen hura dela-eta ekitaldia egingo dute. Udaletxeko arkupeetan izango da.

Arratsaldeko zazpietan hasiko da ekitaldia, aurkezpenarekin. Ondoren Kontseiluaren adierazpenen irakurketa egingo dute. Plazan bildutako euskaltzale guztien argazkia ateratzeko asmoa dute antolatzaileek eta Azpeititik BECera joateko informazioa ere emango dute.

Kontseiluko eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria Koldo Tellituren esanetan, "abenduaren 13koa ospakizunaz harago doan ekitaldia izango da. Izan ere, Kontseiluak, orain arte bezala, euskararen normalizazioa erdiesteko lanean tinko jarraituko du datozen urteotan. Baina salto berri bat egingo du, 100%ean euskaraz bizi ahal izatea lortu nahi badugu behar-beharrezko den jauzia, alegia".

Euskaraz bai adierazpena

Kontseiluak 10. urtemuga dela-eta, adierazpena atera du: Euskaraz bai. Hemen irakur daiteke, eta bertan eman daiteke atxikimendua.