Pilar Aizpitarte: "Artistari, antzezterakoan, erdia pasa berari atera behar zaio"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 24a, 11:11
Pilar Aizpitartek Txalo Saria jasoko du azaroaren 29an.

Txalo Saria jasoko du Antzerki Topaketetan

Herriko aktore beteranoetako bat da Aizpitarte; Antxieta taldean hasi eta bukatu arte jardun zuen han

Pilar Aizpitartek etxean hartu du Urola Kostako Hitza. Azpeitiarra da, baina "kontuak ateratzen txarra" dela eta ez du gogoan ziur zein urtetan jaiotakoa den; 77 urte beteta dituela dio. Azpeitiko aktore beteranoenetako bat da Aizpitarte; haietako gehienak bezalaxe, Pasioa izan zen bere aurreneko antzezlana. XXVI. Euskal Antzerki Topaketetan Txalo Saria emango diote datorren larunbatean, udaletxean. Baina ez da Topaketetan jasoko duen aurreneko saria, II. Topaketan ere amateurren emakume aktore onenaren saria jasotakoa baita. Etxeko egongelan hainbat sariren oroigarriak ditu jarrita: Antxieta taldeak emandakoa, lantegikoena, Baite Euskara Elkartearena...

Zu ere antzerkian Pasioa antzezlanarekin hasitakoa zara, ezta hala?

Bai, neu ere orduantxe hasitakoa naiz. Ni abesbatzara kantura joaten nintzen, eta entseguan ari ginen batean Enrike Zurutuza zuzendariak esan zidan Pasioa antzezlanerako paper txiki bat zuela niretzat. Hitzik ere ez nuen egin behar, bakar-bakarrik jesukristoren aurrean jarri eta hura hiltzen ari zela-eta negar egin behar nuen. Nik egindako lehenengo papera huraxe izan zen.

Negar egitea orduan...

Bai horixe. Baina ederra izan zen, gero etxean... Gure ama sekula antzerkira joan gabekoa zen. Ostegun Santu Egunean Soreasun egin genuen eta ahizpak ama hartu eta eraman egin zuen antzerkira. Eta nik negar egin behar bada. Ez dakizu etxera etorri eta zer errieta: "Lotsagarri, hainbeste jenderen aurrean negarrez han gora igota!". Errietan jardun zidan. Pentsa zer mentalitate zuten, antzerkia zer zen ulertu ere ez... Gero, handik aurrera Inazito Potxolo-rekin eta lagunekin hasi nintzen. Inazito Potxolo egunkariak saltzen egoten zen plazako postuan, Juanito Bikendiren laguna zen.

Imanol Eliasekin orduan hasi zineten antzerkian, ezta?

Bai, gero Imanolek deitu zidan antzerkirako, eta ondoren jarri zioten taldeari Antxieta izena. Antzerkian ikasi dudan guztia Imanolekin ikasi dut. Ikasi? Orain, Azpeitian antzerki eskolara joaten dira eta oso ondo, zoragarri, iruditzen zait. Baina orduan horrelako aukerarik ez geneukan. Artistari, antzerkiak eta egiteko, erdia pasa berari atera behar zaio. Testua ematen dizue, hura irakurri eta alde handia dago era batera edo bestera esan; hori norberari atera behar zaio.

Pasioa egin arte antzerkia ez al zenuen ezagutzen?

Ezagutu? Pentsatu, eskolan jolas orduan antzerkiak egiten zituzten eta mojek sekula ez ninduen aukeratu antzerkia egiteko. Gero, berriz, gustatzen hasi zitzaidan antzerkia, nik gozatu egiten dut. Ni, gainera, hazi egiten nintzen. Niri orduan zera esaten zidaten: "Hi plazagizona haiz!". Garai hartan entzuten nien nire aita zenari-eta, Errekartetxo harri-jasotzailea plazara irten, jendaurrera, eta handitu egiten zirela. Ni Sanagustineko entseguetatik Zelaitxora hazi egiten nintzen. Antzezlanaren azken hiru entseguak Zelaitxon egiten genituenean eta sanagustinek Zelaitxora egundoko aldea egiten nuen; Zelaitxon hazi egiten nintzen. Bene-benetan diot, antzerkia gustatu egiten zitzaidan eta.

Antxietan jardun duzu batik bat antzerkian, taldea hasi zenetik bukatu zen arte. Urte piloa eman dituzu antzerkian.

Urte piloa eman ditut, bai. Gainera, Imanolekin (Elias) ibili ginenean urtero, beti, antzezlan berria estreinatzen genuen.

Antzerkian zailena zer egiten zitzaizun?

Testua buruz ikastea. Juanito Bikendirekin nik antzerki asko egin nuen eta noiz edo noiz hari zerbait ahazten bazitzaion, asmatu egiten zuen testua, eta hari jarraitu egin behar izaten zitzaion. Nik esaten dut artista hori dela, bati ahaztu eta haren hariari segitzen jakitea. Askotan ez zen gertatu, baina batzuetan Juanitok amorratzeagatik ere egiten zuela uste dut.

Antzerkian hasi ginenean, errazagoa zen. Testuarekin nahasten baginen agertoki aurrean izaten ziren toki txiki batzuk, testuaren oroitarazlea gorderik egoten zena. Guri laguntzen Xerraye-neko Mari Jesus edukitzen genuen, mundiala zen. Ziurtasuna ematen zigun horrek; hark obra guztia segitzen zuen, eta antzeman egiten zigun noiz deskuidatuko ginen eta noiz ez. Zoragarria zen eta fenomeno egiten genuen. Behin toki hura kendu zutenean, ordea... Hala ere, nik beti agertokiaren atzean papera edukitzen nuen; niri zatia egiten nuenean, barrura sartu eta hurrengoa beti errepasatu egiten nuen.

Agertokian testua ahaztea-edo pasatu al zaizu inoiz?

Behin, Inaxio Tolosa zuzendari genuela, kantuan irten behar nuen agertokira, bakar-bakarrik. Mikel Laboaren kantua abestu behar nuen: "Hegoak ebaki banizkion, neria izango zen, ez zuen aldegingo...". Eta nik lasai eta jende guztiaren aurrean, "Hegoak ebaki banizkio txoria izango zen, ez zuen aldegingo...". Nirea izango zen esan beharrean, txoria izango zen esan nuen. Esan orduko konturatu nintzen, baina Tolosak jarraitzeko esan zidan. Hurrena beste herri batera joan eta berriro halaxe esateko eskatu zidan zuzendariak. Askotan, uste ez duzula horrelakoak irteten dizute, eta jendeari grazia egiten diote.

Antzerkiko entseguetan ordu piloa pasatutakoa ere bazara...

Asko sufritzen nuen entseguetan, baina ez entseguagatik. 21:00etan jartzen genuen ordua, ni sanagustinpera ordurako joaten nintzen eta hango eserlekuetan eseritzen nintzen. Baina gainontzekoak 21:00etarako azaldu eta Eperrarena joaten ziren kafea hartzera. Horrexekin sufritzen nuen, hurrengo goizean jaiki egin behar izaten nuelako lanera joateko. Gainontzean oso gustura joaten nintzen entseguetara.

Zuk antzerkia afizio izan duzu, lanean jardun izan baituzu lantegian, ezta hala?

Hamar orduan lantegian! Etxera etorri, afaldu, pixka batean egon egunkaria irakurtzen eta entsegura, eguraldi ona edo txarra egin. Gero, tailerrean bezperan entseatu nuen testu hura esan eta esan jarduten nuen, neure kasara. 16 urterekin, Errebalean zegoen Enrique Kellerren lantegian hasi nintzen lanean; tailer txikia zen eta danborra jotzen zuten panpinak eta eskusoinu handientzako hauspoak egiten genituen. Aurreneko astean 70 pezeta kobratu genituen. Han bost urte pasa nituen. Gero, Azkue y Compañiako nagusi bat etorri zitzaigun, neskak falta zituztela eta; orduan Loiola bidean zegoen lantegia. Hiru lagunek batera irten genuen Kellerrenetik. Ordutik Azcue y Compañian egin nuen lan, 38 urtetan, erretiroa hartu nuen arte.

Antzerkian heldu eta gazte izan dituzu taldekide.

Nire adineko emakumeekin ez dut antzerkirik egin, inor ez zen eta nire adinekoa, ni baino gazteagoak ziren denak. Hori bai, etxekoandrearen papera inoiz ez dut egin, beti neskamearena egitea egokitu zait. Behin kazetari bati hala esan nion, gehienean neskamearen papera egin izan nuela eta askotan pentsatzen nuela niri Euskal Herriko Gracita Morales deituko zidatela.

Orduan, agertokian beti neskame?

Behin Imanol Eliasek idatzi zuen antzezlan bat -eta ona izango zen-, semea kartzelan zuen ama bati buruzkoa. Ama horren papera niri eman nahi zidan. Baina gure Bernardo [Aizpitarte Kabra] orduantxe hasi berria zen kartzelan sartu eta irteten eta herritik alde egiten. Disgusto handiarekin geunden, nik asko maite nuen eta. Horregatik Imanoli esan nion ez nintzela gauza eta ez nuela paper hura egingo. Eta antzezlan hura ez zen inoiz egin.

Zer eman dizu antzerkiak?

Poz asko, oraindik ere egindako antzezlanen bideoak ikusi egiten ditut. Oso gustura ibili izan naiz antzerkian. Antzerkia egitera kanpora joan eta hain egun ederrak bota izan ditugu! Antzerkia egitera joaten ginenean nire herri maiteenak Elduaien, Bidania.. izan ziren; hain ondo hartzen gintuzten... Gorputza eta arima bertan jartzen zituzten. Pilotalekuetan-eta egiten genituen antzezlanak, baina dena emanda egoten ziren ikusleak. Ni, jendea hala ikusita, zoratzen!

Gainera, hasieran etxetik otartekoa hartuta joaten ginen; gerora hasi ziren han bertan afaltzen-eta, diru pixka bat zegoenean. Ni tailerrera otartekoa hartuta joaten nintzen, eta lanera edota autobusera bila joaten zitzaizkidan taldekideak, gero antzerkia egitera joateko. Sentitu egiten genuen antzerkia. Antxietak ere niri poz asko eman dizkit eta lagun on asko egin nituen han. Gero, taldea banatu zenean, pena handia hartu nuen. Egia esanda, Azpeitian antzerkian maisu Imanol Elias izan da, batere zalantzarik gabe.

Beti aktore amateur moduan jardun al duzu?

Bai, eta pentsa zenbateraino maite nuen nik antzerkia: Topaketetan amauteurren artean emakume aktorerik onenaren saria eman zidaten eta sari bezala oroigarria eta 25.000 pezeta eman zizkidaten. Pentsa orduan nik baino gehiago nork beharko zuen: lantegian 10 ordu sartzen nenbilen eta lau iloba etxean geneuzkan, haiei opariak egiteko-eta neuk behar nuen... Baina sari bezala jaso nituen 25.000 pezetak antzerkirako argi foko bat erosteko eman nituen. Mementu hartan antzerkia sentitu ez banu, ez nuen hori egingo.

Antxieta desagertuta, egin duzun azken antzezlana Maritxu nora zoaz izan da.

Bai, hala da. Hor ere kostatu zitzaidan Itziar Ituñori azpeitiarrez egiten irakastea. Ikasberrin entseatzen genuen, gu erakusten saiatu ginen eta ederki atera zitzaion.

Antzezlan hura azkena zenuela erabakita al zenuen?

Bai, bai. Ordurako antzerkia lagata nengoen, baina hura egiteko eskatu zidaten eta baiezkoa eman nuen. Gero eta gehiago kostatzen da testua ikastea...

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak hasiera-hasieratik ezagutu izan dituzu zuk, ezta hala?

Bai, hala da. Imanol Eliasek jarri zituen Topaketak martxan. Urtero egiten genuen antzezlanen bat Topaketarako. Lehen urtean, zarauztar emakume bati eman zioten aktore onenaren saria eta neuk entzun nion orduan Patxi Altunari: «Bai, Azpeitikoa izan da onena, baina hari ematen badiogu herrikoek herrikoari ematen diotela esango dute». Orduan, niri eman behar zidatena zarauztarrari eman zioten. Gero, hurrengo urtean eman zidaten niri.

Azpeitiko ikuslegoa ona al da?

Ona izango da, guretzako ona zen, baina igoal herritarrak ginelako izango da.

Antzezlana hasi aurretik urduri egoten al zinen?

Bai, bai. Eta hasi aurretik, ni beti txulo-tik zenbat jende etorri zen begira egoten nintzen: agertokiko argiak piztu, saloiko argiak itzaldu, eta nik aurreneko aulkietan eserita zeuden denak ikusten nituen. Antzerkia egiten hasten nintzenean, hazi egiten nintzen.

Topaketetan Zelaitxo eta Soreasu ezagutu dituzu, baina Izarraitz pilotalekua ez, ezta?

Ez, hori da. Ederrena Soreasu izan da. Gustuen jarduten nuen lekua Soreasu izan da, eta ez dakit zergatik. Beti izan naiz Soreasu zalea.

Aurten Txalo Saria jasoko duzu.

Ba al dakizu zergatik gogoratu diren nirekin? Beti horrelako gauzak (omenaldiak-eta) gizonezkoei egiten dizkiete eta emakume bati egiteagatik aukeratu naute ni.

Ez al duzu uste horrenbeste lan egin antzerkian eta merezi duzunik?

Merezi dudanik ez dut uste. Antzerkian gustura ibili naizela? Bai. Juanito Bikendirekin-eta irteten nuenean jendeari barrea eragiten niola? Hori ere bai. Antzezlanetik irten eta jendeak zorionak ematen zizkidala? Hori ere bai, baita txaloak jotzen zizkidatela ere. Horiek onartzen ditut nik, horrek guztiak poza ematen dit. Baina ni aurten seguru-seguru nengoen Antxieta taldeari berari zerbait egingo ziola Udalak, taldeak berak merezi du-eta Udalaren aldetik aitortza egitea.

Antzerkiko agertokia utzi eta elizako altarean hasi zinen irakurraldiak egiten.

Bai, nire txanda zenean irakurraldiak egiten nituen igandetan, 12:30eko mezan. Baina bertigoarekin hasi nintzen eta utzi egin nuen. Astean zehar, errosarioa ere errezatzen nuen nire txanda zenean. Niri ez zitzaidan batere kostatzen hori egitea. Igandetako mezan irakurraldia egitea egokitzen zenean, jendearen artean Jauna ere banatu egin behar izaten da, eta horrek halako zera bat ematen zidan... Baina apaizak gero eta gutxiago gelditzen dira, eta hori ere egin beharra zegoen. Herriagatik egin behar da, batzuek era batera eta besteak bestera, baina egin egin behar da, ez dago besterik.

Telebistan ere jardundakoa, beti azpeitiarrez

Euskal Telebistako hainbat telesailetan hartu du parte Pilar Aizpitartek, baina hori ere utzita du

Pilar Aizpitarte aktoreak antzerkian bakarrik ez du jardun, telebistan ere hainbat telesailetan hartu izan du parte. Goenkale, Ertzainak eta Martin dira Aizpitartek parte hartu izan duen telesailetako batzuk. Azpeitiko Zine Klub taldekoen Mateo Txistu (1987) filmean ere parte hartu zuen.

Antzerkian bakarrik ez, telebistako kameren aurrean ere jardun izan duzu, ezta?

Bai, Goenkale, Ertzainak, Martin... telesailetan parte hartu izan dut, lauzpabost telesailetan jardun dut. Telebistan beti esaten zidaten, "zuk zeure herrian hitz egiten duzun bezala hitz egin, beste hizkera guztiak ahaztu". Eta halaxe egin izan dut, azpeitiarrez.

Telebistarako lana ere utzita al daukazu?

Orain ere deika izan ditut Goenkale-koak. Eta neuk galde egiten diot nire buruari: "Orain hor niretzako moduko papera zein da". Paper txiki bat egitera joateko esaten didate, baina ez, ez. Orain testua ikastea kostatu egiten zait. Ni Goenkale-ra joatean nintzenean urduri egoten nintzen, testua ahaztuko ote zitzaidan beldurrez...

Antzerkian jendaurrera irten eta jarduteko beldurrik ez, eta telebistara joan eta kameren beldur?

Han bai, han bai. Ezagutzen ez nuen jendez inguratutatu egoten nintzen, eta lauzpabost kamara aurrean begira eta grabatzen. Horrek errespetua ematen zidan batzuetan.

Gainontzean telebistako esperientzia ona izan da, ezta?

Bai, bai. Beste behin telebistarako esketx bat egin nuen. Ordiziako azokara joan eta aurrezki kutxa batean sartzen ninduten; handik oilo parearekin irten eta goiko bideraino joan behar nuen. Han ikusten naiz, esku banatan oilo bana zintzilika nuela. Txandalarekin joateko esan zidaten, eta nik orduan txandalik ez, eta beste bati kenduta joan nintzen. Hura egiteko bakarrik taxia jarri zidaten etxeraino. Baina ahizpari ez zitzaion gustatzen ni Goenkale-ra joatea. 07:00etarako joaten nintzen eta batzuetan 15:00ak arte ez nintzen etxera bueltatzen. Ahizpak esaten zidan horren beharrik ez nuela, eta ez joateko. Baina niri gustatu egiten zitzaidan. Azkena Goenkale-koei ezezkoa eman nien orain hiru urte edo, eta nirekin ahaztuta egon zirela uste nuen, baina orain berriro deitu didate.

Azpeitiko Zine Klub taldekoekin Mateo Txistu filmean ere hartu zenuen parte.

Bai , egin nuen bai. Baina beste batek bikoiztu zuen nire ahotsa, eta gero damututa egon ziren zine klubekoak. Nonbait uste zuten nik egiten nuen pertsonaiak ez zuela nire ahotsa eduki behar. Ni beti ozen eta garbi hitz egitekoa izan naiz. Orduan nire ahotsa bikoiztu zuen pertsona ezagutzeko aukera ere izan nuen.

Gainontzean zinemarako lanik egin al duzu inoiz?

Ez, ez, hainbesterainoko gaitasunik ez dut izan nik. Nik badakit noraino iristen naizen, eta noraino ez.