Josu Bereziartuari

Mikel Gartzia (Donostia; 'Berria') 2008ko aza. 19a, 14:11

Aitortu behar dizut azaroaren 11n Horrelakoa da bizitza telebista saioan izan zenuen agerraldia erabat salatzekoa dela. Udan zure seme-alabekin (8 eta 11 urtekoak) Nepalen eginiko trekking-a ekarri zenigun hitzetan eta irudietan, eta adierazi "demostratu" duzula haurrak ere garaieran ondo ibil daitezkeela. Zure seme-alabak zazpi-zortzi orduko mendi ibilaldietara ohituta daudela ere esan zenuen, besteak beste. Harro sentitzen zara; ni, aldiz, asaldatuta.

Mendizalea izango zara, baina uste dut ez zarela ez sendagile ezta psikologo ere. Jakin behar zenukeen, AEBetako unibertsitate pribatu batek hala baieztatuta, 14 urtera arte garaierak egundoko mina egin diezaiokeela haurrari. Hots, buruko minak eta biriketako edemak askoz azkarrago garatzen dituzte. Ziur naiz 11 urteko zure "mendizale txiki" hori lasai asko igo zitekeela Everesteko hego leporaino ere; hori bai, oxigenoaren laguntzarekin. Horrekin ere harro sentituko al zinateke? Edo 14 urterekin zure seme-alabaren bat Everest gailurrera igotzea? Zer "demostratu" behar duzu? Zure seme-alabak supergalaktikoak direla? Hori da gure gizarte konpetitibo honetan beste gurasoei helarazi nahi diezun mezua?

Zure seme-alabak nola hezi behar dituzun zure kontua da baina, Josu, Himalaian egiten dituzun jarduerak saldu itzazu eta ez zure haur "matxaka" horiek egiten dutena.