Urtebetean Azpeitiko langabetu kopurua %18,7 igo dela dio LABek

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 17a, 10:11
Urola Kostako LAB sindikatuko kideek agerraldia egin zuten larunbatean. (Irene Elorza)

Eskualdean eragin "nabaria" izaten ari den krisiari aurre egiteko itun soziala eta aldaketa bultzatu nahi dituzte

Krisialdia enpresetan izan duen eragina "larritzeko modukoa" iruditzen zaio sindikatuari

Krisialdi ekonomikoari buruzko azterketaren ondorioak eman zituen ezagutzera atzo Urola Kostako LAB sindikatuak eta, eskualdeko enpresen datuak eskuan hartuta, egoera "larritzeko modukoa" dela jakinarazi zuten.

Langabeziaren datuak dira aipagarrienak, sindikatuaren ustetan. Iazko urritik aurtengo urrira langabezia %10,16 igo da Urola Kosta eskualdean. 2007ko urrian 1.849 langabetu zeuden Urola Kostan. Aurtengo urrian, berriz, 2.037 lagun daude lanik gabe.

Enpleguarekin jarraituz, egurraren eta altzarigintzaren sektoreak bizi duten krisia azpimarratu du LABek. "Langabezia %18,7 igo da Azpeitian, eta %16,6 Azkoitian", jakinarazi dute.

Hedatzen doan krisia

"Burbuila inmobiliarioak jasandako leherketaren ondorioak oso nabariak dira tradizionalki erainkuntzarekin loturik egon diren egurraren eta altzariaren sektoreetan", azaldu zuen LABeko Urola Kostako idazkari Aitzol Aristorenak atzo egindako agerraldian. Oraingoz, sektore hauei lotutako metalgintzako eta kimikako azpisektoreetan eta metalgintzako automozio eta ekipamendu-ondasunen azpisektoreetan krisiaren eragina hain larria ez bada ere, ondorioak nabaritzen hasi direla jakinarazi du LAB sindikatuak.

Aldaketa eta mobilizazioa

Testuinguru honen aurrean kezkatuta agertu da LAB sindikatua: "Ez soilik krisia ekonomian eta enpleguan izaten ari den eraginagatik, baizik eta erakundeak krisi egoera kudeatzeko erakusten ari diren gaitasun ezagatik".

Enpresarien, banketxeen eta kapital errenten aldeko erabakiak hartzea leporatu diete erakundeei. "Aldi berean, krisialdi honen konponbidea, inongo lotsarik gabe, langileen bizkarrera bota" dutela erantsi dute. Hazkunde garaia aberastasuna banatzeko eta eredu sozial justuagoa eraikitzeko ez dela aprobetxatu ere leporatu dieLABek erakundei. Soldatei, egonkoratasunari eta lan osasunari dagokionez, baldintzek ez dutela hobera egin salatu du sindikatuak.

Eredu neoliberal globalizatzailea bera krisialdian dagoela argi ikusten du LABek. Egungo hazkunde eredua ezin daitekela mantendu eta "mito neoliberala erori" egin dela adierazi dute.

LABen iritziz, "honen guztiaren aurrean, egoerak ezinbesteko bihurtzen du enpresariak eta administrazioa biltzen dituen itun publiko-pribatuak antolatutako neurriei aurre egitea". Aldarrikapenen harira, bost lehentasun azpimarratu ditu sindikatuak: lanpostuak defendatzea eta lan baldintzak hobetzea; prekarietatearen eta lan diskriminazioaren kontrako borroka; lana banatzea eta kalitatezko enplegu egonkorra sortzea; politika ekonomikoaren eta fiskalaren inguruko erabakietan langile klasearen parte-hartzea; eta sektore publikoa indartzea.

"Aldaketa bultzatuko duen klase- ituna antolatzea" eta herri sektoreak aktibatzea "ezinbestekotzat" jo ditu LABek.

Mobilizazioekin hasteko, Burujabetza ekonomikoaren alde, langileok aldaketa lelopean azaroaren 22an Azpeitian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Herriko plazatik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean.

Datuak (LAB)

Altzarigintza eta egurra.

  • Muebles Treku (Zarautz): 40-45 langiletik, 6 kaleratu.
  • Evai (Zarautz): 28 langiletik, 5 kaleratu.
  • Kitmar Mobel (Aia): 45 langiletik, 25 kaleratze.
  • Azkue y Cia. (Azpeitia): 203 langiletik, 51 kaleratze.
  • Astigarraga Kit Line (Azpeitia): 45 langiletatik, 9 kaleratze.
  • Talleres Bhir (Azpeitia):9 langileko enpresa itxi egin da.
  • Ernio Sukaldeak (Azpeitia): 9 langiletatik, 2 kaleratze.
  • Grumal (Azpeitia): 228 langile. 44 botatzeko ERE proposamena.

Eraikuntza eta altzarientzako metalgintza azpisektorea.

  • Xey Corporacion Enpresarial (Zumaia): 186 langiletik 44 kaleratze proposatu ditu enpresak.
  • Industrias Artzubia (Zestoa): 23 langiletatik, 3 kaleratze.

Eraikuntza eta altzarientzako kimika azpisektorea.

  • Silam (Zumaia): 330 langiletatik 9 kaleratze proposatu dira.
  • Plastinka (Aizarnazabal): 80 langiletatik, 9 kaleratze proposatuta.

Metalgintzako automozioa.

  • GKN Driveline (Zumaia): 330 langiletatik banakako 30 kaleratu.
  • Goialde (Zestoa): 45 langile. Behin-behineko 6 langileri ez zaie kontratua berritu.

Ekipamendu-ondasunak.

  • Urpemak (Zumaia): Prozedura konkurtsala eta ERE tramitazioa. 45 langiletatik 15 gelditzen dira.