Apirilaren 2an, Korrika Azpeitian

uztarrria.com 2008ko aza. 15a, 16:11

Hurrengo urtean izango da berriro euskararen aldeko lasterketa

Berriz ere pasatuko da hemendik; Zestoa aldetik etorriko da

Martxoaren 26an hasiko da 2009ko Korrika, Tuteran, eta apirilaren 5ean bukatuko da Gasteizen, Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren. Eta, berriz ere, Azpeititik pasatuko da: apirilaren 2an (osteguna). Zestoa aldetik iritsiko da. Aurretik, egun berean, besteak beste Beasainen (8:00etan), Tolosan eta gero Zarautzen izango da euskararen aldeko lasterketa hori.

AEK-k antolatzen du Korrika eta, hain zuzen, datorren urtekoa hamaseigarrena izango da. Korrika laguntzailea kanpaina jarria dute martxan, ekitaldirako dirua biltzeko.

Korrikak euskara ikasi duten guztiak izango ditu bereziki gogoan, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! lelopean.

"Euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da Korrika", esan zuten atzo (ostirala) arduradunek, aurkezpenean.

Ekimeneko weba: www.korrika.org