Aurten berriz aterako dute zezena Errebaleko jaietan

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 14a, 10:11

Lasao auzoan eta Buztintzuriko Errebalean sanmartinak ospatuko dituzte asteburuan

Goizeko hamaiketatik aurrera eta egun osoan zehar hainbat ekintza egingo dira Errebalean

Gaurtik hasi eta igandera bitartean samnartinak ospatuko dituzte Lasaon. Jaietako ekitaldi batzuek eginda badituzte ere, gaur botako dute suziria. Baina festak ez dira Lasaon bakarrik izango, Azpeitiko Buztintzuriko Errebalean ere sanmartinak ospatuko dituzte bihar egun osoz. Aurten, gainera, benetako zezena aterako dute, ohiturari jarraituz.

Mingain urdina-ren gaitza zela eta, iaz ez zuten zezenik ateratzeko aukerarik izan Errebalean sanmartinetan, baina hala ere Errebaleko Festa Batzordekoek erremedioa jarri zioten, zezen mekanikoa antolatuta.

Festetan sokamuturra antolatzea aspaldiko ohitura dute Errebalean. Urte batzuetan ez zuten antolatu, baina gero berriro berreskuratu egin zuten usadioa Festa Batzordekoek.

Lasaon, berriz, joan den igandean ekin zioten sanmartinei eta asteburu honetan festa giroari helduko diote. Bihar, bertso afaria dute eta etzi haurren eguna.

Egitarauak

Lasao auzoa (Zestoa-Azpeitia)

Azaroak 14, gaur.

  • Txupinazoa, festei hasiera emateko. Ondoren, baratxuri-zopa eta gaztaina jana, herri etxean. Lopetegi ahizpek alaituko dute festa.

Azaroak 15, bihar.

  • 20:30ean, bertso-afari herrikoia izango da, Joxe Agirre Oanda eta Oskar Alberdi bertsolariekin eta Hitzeder eta Joseba trikitilariekin.

Azaroak 16, etzi.

  • 15:00etan, haurrentzako puzgarriak pilotalekuan.
  • 17:00etan, txokolate jana.

Buztintzuriko Errebala (Azpeitia)

Azaroak 15, bihar.

  • 11:00etan, txistularien saioa.
  • 15:00etan, haurrentzako jolasak.
  • 16:30ean, sokamuturra.
  • 21:00etan, errebalekoen afaria.