Ikasberri eta Udalaren arteko hitzarmena, "pauso garrantzitsua"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 14a, 10:11
Ikasberri Azpeitiko Ikastolako lehendakari Elias Mendinueta eta Azpeitiko alkate Iñaki Errazkin hitzarmena sinatzen atzo (osteguna), udaletxean.

Udalak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak diru laguntza zuzenen inguruko hitzarmena sinatu dute

"Hezkuntza eskubideak bermatze aldera" egindako hitzarmena dela adierazi zuen alkateak

Azpeitiko Udalarekin diru laguntza zuzenen inguruan Ikasberri Azpeitiko Ikastolak egindako hitzarmena "pauso garrantzitsua" izan dela esan du Ikasberri Azpeitiko Ikastolako lehendakari Elias Mendinuetak.

Joan den astean egindako udabaltzarrean hartu zuen hitzarmena egiteko erabakia Udalak, eta atzo sinatu zuten bi aldeek hamar urteko iraupena izango duen diru laguntzen inguruko akordioa. Udalbatzarrean hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarreko zinegotziaren aldeko botoekin onartu zen Ikastolarekin hitzarmena egitea; EAJkoek, aldiz, kontra bozkatu zuten.

Atzo, osteguna, hitzarmena sinatzerakoan, Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek esan zuenez, "laguntza zuzenak arautzeko hitzarmena" da, eta "hezkuntza eskubideak bermatze aldera" egin dute. Alkatearen esanetan, epe luzerako hitzarmen bat egin nahi izan dute, eta horregatik hamar urteko iraupena eman diote honi.

Ikastolako lehendakariak eskerrak eman zizkien Azpeitiko alkateari eta Udal Gobernua osatzen duten alderdietakoei hitzarmena onartu izanagatik. Mendinuetaren ustez, "hitzarmen hau edota antzekoa orain dela hamabost urtetik eginda egon beharko luke, orduan jarri baitzen Ikastola martxan". Haren ustez, "pauso garrantzitsua" eman da, eta "orain arte egon den bazterketari bukaera ematea" erabaki du Udalak hitzarmena eginda.

Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoen arabera, hitzarmena "lehenengo pausoa da", eta horrek Ikastolari elkarkidetzarako eta elkarlanerako bideak irekitzen dizkio, "era horretan orain arteko egoera berezi horri behingoz bukaera ematen zaiolako".