Azoka Eguna da bihar, ostirala, euskarazko antzerkiaren topagunea

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 13a, 10:11
Atzo (osteguna) aurkeztu zuten I. Azoka Eguna udaletxean, Euskal Kultur Erakundeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek. (Nerea Uranga)

Aurreneko aldiz antolatu dute ekimena, Azpeitiko XXVI. Euskal Antzerki Topaketen baita

"Hausnarketa gune nahiz erakusleiho" izango da

Azpeitiko XXVI. Euskal Antzerki Topaketen barruan I. Azoka Eguna izango da bihar. Antzerkia jendarteari zabaltzeko helburuarekin, sektoreko programatzaileei elkarrekin egoteko, hitz egiteko eta gogoeta egiteko plaza izatea du helburu azokak. Azpeitiko alkate IƱaki Errazkinek, antzerki munduan dabiltzan taldeei eta profesionalei Azoka Egunean parte hartzeko deia egin die. Ekimena, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin batera antolatu du Azpeitiko Udalak.

Arte eszenikoen arloan topalekuak ugariak dira, Eusko Jaurlaritzako Kultur teknikari Jose Luis Ibarzabalen esanetan, baina Azpeitiko I. Azoka Eguna euskaraz eginiko antzerkiaren inguruko topalekua izatea nahi dute: "Euskal antzerkiaren inguruko hausnarketa bultzatzeko gune eta euskaraz eginiko produkzioen erakusleiho izatea nahi dugu". Ibarzabalen esanetan, aurten aurrenekoz antolatu dute, baina "iraunkorra" izateko helburuarekin, horretan "azken hitza sektoreak" izango badu ere.

Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendari Pantxoa Etxegoienek adierazi duenez, "plazer handia" da Topaketaren baitako ekimen honetan parte hartzea: "Azpeitian beti izan da antzerkirako joera eta amateur mailan nik neuk behin baino gehiagotan parte hartu izan dut Topaketan". Etxegoienen ustez, Azoka Egunak Ipar Euskal Herriko taldeak Hegoaldean ezagutzeko aukera eskainiko du, baita alderantziz ere. Gainera, aurten Antzerki Topaketan Iparraldeko hiru talde ikusteko aukera dagoela nabarmendu zuen. Bestalde, azokan gogoetarako eta euskal antzerkiaren egoeraz eta etorkizunaz hitz egiteko aukera izango dela azaldu du, "gero, emeki urratsak egiten joateko". Etxegoienekin bat etorri da Kultur Erakundeko kide Frank Suarez ere.

Biharko egitaraua

10:00. Lodikroko, Elirale Konpainia. Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.

11:00. Kafea, Pastorkuan.

11:30. Zoaz hegan errari, Le Theatre Du Rivage. Betharramen.

13:00. Mahai-ingurua, Pastorkua jatetxean.

14:30. Bazkaria, Pastorkuan.

16:00. Inmundo; hesi puskatzailea, Laenananaranja. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain.

19:00. Aulki hutsa, Le Petit Theatre De Pain. Gaztetxean.

21:30. Hnuy Illa, Kukai-Tanttaka. Izarraitz pilotalekuan.