Udalaren eta Ikastolaren arteko hitzarmena onartu dute, EAJk aurka bozkatuta

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 8a, 15:11

Ikasberri Ikastolarekin hitzarmena “herritarren hezkuntza eskubideak bermatze aldera” egingo dute

Udalak hainbat gasturako diru laguntza emango dio, garbiketa lanez arduratuko da eta berrikuntzak egingo ditu erabilpen publikoko eremuetan

Ostegunean hileroko udalbatzarrean bi gaik sortu zuten eztabaida: batetik, Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren eta Udalaren arteko hitzarmenak; bestetik, herritarren parte-hartzeak eta Udaleko organoen funtzioak. Ikastolarekin udal diru laguntzen inguruan hitzarmena egitea onartu egin zuten, hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarrekoaren aldeko botoekin; EAJkoek kontra bozkatu zuten.

Hitzarmenaren bidez, Udalak Ikastolarekin hartuko dituen konpromisoak honakoak dira: argia, ura eta berogailuaren gastuak ordaintzea; eraikinaren mantenurako orain arte adostutako 24.000 euroko laguntza ematea; garbiketa lanez arduratzea; eta erabilpen publikoko eremuetan, Udalak eta Ikastolak adostutako mantenu eta berrikuntza lanak egitea.

Ikasberri Ikastolaren konpromisoak, berriz, hauek dira: herritarren hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza proiektua garatzea eta erabilpen publikoko eremuak, doan uztea Udalari, “beti ere, Ikastolaren ohiko funtzionamenduak uzten duen neurrian”. Udala laguntzak urte honen hasieratik hasiko da ordaintzen eta akordioak hamar urteko iraupena du.

Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburu Arantxa Isarten esanetan, Udalaren eta Ikastolaren arteko hitzarmena “herritarren hezkuntza eskubideak bermatze aldera” egindakoa da: “Bakoitzak bere esparruan hezkuntza eskubideak sakontzera begira bere ardurak hartzea du helburu; Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hezkuntza proiektuaren baitan eta Udalak botere publikoa den heinean”. Izaera publikoa hezkuntza eskubideak bermatzeak ematen duela adierazi zuen batzordeburuak eta, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, “hori bermatzen du”.

Aurreko agintaldiko irizpideak

EAJkoak ez daude ados. “Hezkuntza eskubideak herrian oso ondo bermatuta daude, era guztietako ikastetxeak baitaude. Eta Udalari ez dagokio itunpeko ikastetxeei laguntzea”, azaldu zuen EAJko zinegotzi Ana Mendizabalek. Jeltzaleen ustez, aurreko legealdian ikastetxeak “proportzionalki” laguntzeko irizpideak jarri zituzten, eta hitzarmen honek irizpideak aldatu egiten ditu, “zeharo”. “Ikastetxeetako gastuak aztertu, Udalak diru bat jarri eta ikastetxe bakoitzak zituen ikasle kopuruaren arabera banatzen zen laguntza”, Mendizabalen arabera.

Isarten ustez, ordea, ikastetxeekiko udal laguntzetan “desoreka” egon da: “Ikastetxe guztiek zerbitzu publikoa ematen dute, eta denak baldintza berdinetan laguntzea da justuena. Iraurgik Udalaren eraikin bat erabiltzen du, eta Udala arduratzen da haren mantenuaz”. Iraurgik Udalaren Betharramdarretako eraikina erabiltzeko, Jose Mari Bastida alkate zela hitzarmen bat sinatu zuten, eta 2013 arteko egongo da indarrean.

EAJkoen ustez, ikastetxeen finantzabideak araututa daude, baita Udalaren betebeharrak ere. Horien arabera, Udalari ez dagokio itunpeko ikastetxeen garbiketa, ura eta argia ordaintzea. “Garbi gelditu dadila, ikastetxeei laguntza ematen zaie eta hala egingo da. Aurreko agintaldiko irizpideen arabera, kopuru finko bat jarri eta datu objetikboen arabera banatu zen”, zioen EAJko Eizmendik.

Udal organoak eta parte-hartzea

Galderen eta erreguen orduan, EAJk hartu zuen hitza udalbatzarrean. EAJko zinegotzi Julian Eizmendiren arabera, parte-hartzea zabaltzea eta horretarako bideak jartzea “ondo” dago, baina udal organoak ordezkatu gabe. “Udal batzordeetan alderdi guztiok ordezkaritza dugu eta horiek dira parte hartzeko, aztertzeko eta erabakitzeko organoak. Parte hartzeko bideak irekitzea ondo dago, baina organo horiei beren funtzioa kendu gabe”, zioen Eizmendik. Batik bat, Kulturako Batzordeaz jardun zuen. Kultura batzordeburu Leire Lazkanok, Azpeitiaren 700. urteurreneko lan taldeaz Batzordean beti informatu duela erantzun zion eta inoiz ez dutela proposamenik jaso EAJkoen aldetik.

Gero, Azpeitiko EAJko presidente Pello Elorzak urriaren 23an jasandako mehatxuak salatu zituzten jeltzaleek: “Alderdikide guztiak sentitu ginen mehatxatuta”. Nafarroako Unibertsitatearen kontra ETAk egindako erasoa ere salatu zuten EAJkoek.