Albitzuri Haundia eta Antziko Harri, Aimar Irigoienen hurrengo erronkak

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 5a, 11:11

Amezketan egingo du erakustaldia igandeko 13:00etatik aurrera, herriko plazan

Albitzuri Haundia harri-jasotzaile gehienen amets eta erronka da

Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak bi erronka berriri aurre egin beharko die datorren igandean Amezketan egingo duen erakustaldian: Albitzuri Haundi eta Antziko Harria pieza irregularrak jaso beharko ditu ahal bezainbeste aldiz. Jaialdia Amezketako plazan izango da 13:00etatik aurrera.

Albitzuri Haundi harria

Albitzuri Haundia harri-jasotzaile gehienen amets eta erronka izan da 1948az geroztik. Izan ere, 165 kiloko harri hau da Euskal Herriko harririk ezagunena.

Aimarrek berak 2002an jaso zuen harri hau, 16 urte besterik ez zituenean. Orduan lau aldiz jaso zuen. Irigoienek orduan egindako marka hobetzeko helburua du Amezketako proban.

Antziko Harria

Amezketako plazan lehen aldiz ikusiko da harri Antziko Harria. XX. mende osoan Aralarren dagoen Aintzegi zoko egon da eta handik ekarriko dute. 140 kiloko harria da, eta asko izan dira harri hau bizkar gainera eramaten saiatu direnak. Harri irregularra da hori ere. Albitzuri bezala; betidanik kanpoan egon izan da eta eguraldiaren erasoak direla-eta azalera latza eta zakarra du.

Harririk gaizto eta ospetsuena, Albitzuri

Harrien zailtasuna, askotan, pisuaz aparte formak eta egiturak definitzen dute. Zenbat eta itxura baldarragoa, orduan eta eragozpen handiagoak izango ditu harri-jasotzaileak. Amezketako Albitzuri Harria izan da beti indartsuenei mendean hartzea gehien kostatu zaien harria.

Albitzuri ur-harria da izatez. Oso irregularra izanik ere, ez du inolako sakongune edo konkorrik eskuak jarri eta altxatzeko. Gainera, errekako alondegian egon zenez, azalera koipez beteta egon zen urte askoan eta labaina gertatzen da altxatzen saiatutakoan.

Laurogei urtetan ez zuen inork harri hau altxatzerik lortu. 1875ean Jose Mari Zuriarrain amezketarrak hura bizkarreratzea lortu zuenetik hainbat eta hainbat saiatu izan dira harri gaiztoa menderatzen. Gainera, ez ziren harri-jasotzaile asko hura jasotzera ausartzen; izan ere, harriaren jabeak mahai gainean dirua jarri arte ez zion inori harria ukitzen uzten. 1947an Amezketan bertan egin zen txapelketa batean gizon bakarra izan zen hura jasotzeko kapaz: Errekartetxo azpeitiarra. Bederatzigarren saiakeran lortu zuen harria bizkar gainera botatzea.

Ordutik, Urtain, Oliden, Atxega, Peurena, Goenatxo I, Yurrebaso, Gil, Saralegi, Izeta II eta Aimar Irigoien bera izan dira harri hau altxatea lortu duten harri-jasotzaileetako batzuk.