Frantziako Poliziak hiru lagun atxilotu ditu Hazparnen, 'herriko tabernekin' lotuta

Uztarria.com, Berria.info 2008ko aza. 4a, 12:11

Beste sei euskal herritar ere atzeman ditu

Karmele Torre, Matias Urretxu eta Ion Irazola dira Hazparnen atxilotutakoak

Azkeneko albistea (hilak 6, 16:44): Irazola ere aske

Frantziako Poliziak bederatzi lagun atxilotu ditu gaur (asteartea) goizetik Lapurdin, herriko tabernekin lotuta eta horietako hiru Hazparnen atzeman ditu: Karmele Torre, Matias Urretxu eta Ion Irazola. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik.

Zigor Goieaskoetxea (Miarritzen), Ortzi Idoate (Lekuinen), Luis Barriola (Angelun), Jeronimo Prieto (Lekornen), Gorka Haritzaga (Azkainen) eta Stephane Blondel (Hendaian) dira beste atxilotuak.

Atxilotuen etxeak miatu ditu Poliziak. Laurence Levert epaileak Parisko agindu du operazioa.

Atxilotzerakoan Ortzi Idoateri poliziek esan diotenez, Baionako Xilko ostatuarekin du zerikusia atxiloketak. Mugimendu abertzalearen bilguneetako bat da Xilko ostatua, eta lehenago ere izan da Poliziaren jomuga: batetik, herriko tabernen kontrako operazioaren baitan miatu egin zuten; bestetik, urriaren 18an hilabeterako ixteko agindu zuten Frantziako auzitegiek Baionako festetan ostatu horren inguruan gertatu ziren istiluak zirela eta. Ixteko orduaren inguruan sortu ziren iskanbilak ostatu horren inguruan festan zebiltzanen eta Poliziaren artean.

Luis Barriola eta Vivian Barriola Baiona Ttipiko Aita-Seme tabernako nagusiak dira.

Hazparnen 18:30ean mobilizazioa egingo dute. Beste herri batzuetan ere egingo dituzte.

Azkeneko albistea (hilak 6, 16:44): Irazola ere aske. Jon Irazola ere libre utzi du Frantziako Poliziak, gaur (osteguna) arratsaldean.

Torre eta Urretxu aske (hilak 5, 10:55). Frantziako Poliziak aske utzi ditu bederatzi lagun; haien artean, Karmele Torre eta Matias Urretxu. Gaur (asteazkena) beste hiru lagun atzeman ditu.