Karasusaneko okupazioagatik bederatzi gazte epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte

Uztarria.eus 2008ko aza. 4a, 13:11
Gazteak Karasusaneko etxean.

Azpeitiko Gazte Asanbladak salatu du "etxebizitza politika berri bat eskatzeagatik epaituak" izango direla

"Egoera ez da aldatu eta Udaletik etorritako promesak hitz xumeetan" gelditu direla adierazi du

Bi urte pasatu dira Azpeitiko gazte talde batek Karasusan etxeko lehen solairua okupatu zuenetik eta, orain, ekintza horien ondorioz bederatzi gaztek hil honetan deklaratu egin beharko dute epailearen aurrean, inputatu gisa. Gertaera horien harira, Azpeitiko Gazte Asanbladako kideek idatzia kaleratu dute, eta "borrokarako grina" berretsi nahi izan dute. "Gure ahotsa ezingo dute isilarazi", diote.

Orduan egindako ekintzarekin, "espekulazioaren itzalpean zegoen eraikin huts batetik borroka luze bati hasiera" eman zion asanbladak, "etxebizitza eskubidea, eskubide unibertsala dela oinarri hartuta". "Azpeitian gazteok dugun arazo larrienetako bat da etxebizitza eskubidea ez bermatua egotea, eta gazteentzako etxebizitza politika berri bat eskatzeagatik epaituak izango dira bederatzi gazte".

Egoera ez dela aldatzen salatzen dute Karasusan okupatu zutenek. Haien esanetan, Udaletik etorritako "promesak hitz eta proposamen xumeetan besterik ez dira gelditu; guk ekintza zuzenak behar ditugu, ordea".

Etxebizitza eskubidea urratu egin dela gogoratu dute. "Jakina da betebehar oro eskubide baten ondorioz sortua dela, eta alderantziz. Beraz, eskubide bat urratua izatean, horri dagozkion betebeharrak zilegitasun osoa galtzen dute", adierazi dute Azpeitiko Gazte Asanbladakoek. Talde eta mugimendu guztiei "ekintzetan parte hartzeko konpromisoa" hartzeko ere eskatu diete.