Esperientziaren Eskolakoak gustura daude, berriz ere harrera ona izan dutelako

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 4a, 11:11

Lehen saioa ostegunean izango da, 16:00etan, Baigerako lehen solairuko aretoan

Iazko ikasleek diplomak jaso dituzte ziurtagiri moduan

Ingema , Mugabek, Baigera Jubilatuen Elkartearekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatutako Esperientziaren Eskolaren bigarren ikasturtea ostegunean hasiko da, Baigera Jubilatuen Elkartean. Joan den ikasturtean 28 lagunek hartu zuten partem eta hastear den ikasturte honetarako 24 lagunek eman dute izena. Ingema Mugabeko arduradun Aitziber Indarten arabera, "kopuru on" batekin hasiko dute ikasturtea eta hori proiektua herrian "finkatzen ari den seinale da".

Joan den ikasturtean Esperientziaren Eskolan ibilitakoek atzo diploma jaso zuten: " Eskoletara etortzeari garrantzia eman diogu eta saioen %80tara etorri direnek jaso dute diploma", adierazi zuen Indartek. Atzoko ekitaldian, guztira 18 pertsonek jaso zuten Esperientziaren Eskoletara joan izanaren ziurtagiria.

Esperientziaren Eskolako ikasle ohi Pilar Arrutiren esanetan, "giro oso ona izaten da eta jendeak jarrera oso ona du eskoletan". Arrutik nabarmendu zuenez gizonezkoek baino emakumeek gehiago parten hartzen dute saioetan: "Agian, denborarekin gizonezko gehiago animatuko da baina...".

IƱaki Errazkin Azpeitiko alkatearen hitzetan, Esperientziaren Eskolak harrera ona duelako gustura daude: "Balio duena hori da, guri horrek balio digu. Ikusten da jendeak izena ematen duela eta gustuko duela bere esperientzia asebetetzeko".

Ordutegia erabakitzeko

Azpeitiko Esperientziaren Eskolako saioak aste honetan hasiko dira, ostegunean. Eskolak 16:00etatik 18:00etara izango dira, Baigerako lehen solairuko aretoan. Dena den, atzo azaldu zutenez, ordutegia egun horretan bertan finkatuko dute, "ordubete aurreratu dira eskolak aurten, eta ordu horretan ezingo dutela joan azaldu dute dagoeneko batzuk. Beraz, lehenengo saioan denon artean ordutegia erabakiko dugu".