Libe Aranburu: "Haurrek osatutako ikusleria umeak eurak bezalakoxea da, oso gardena"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 3a, 10:11

Libe Aranburuk lau urte daramatza Glu-glu taldean baina aurtengo Antzerki Topaketetan egin du lehen saioa profesional gisa

Handitan antzezlanean hartu du parte

Libe Aranburu (Azpeitia, 1982) aktorearentzat gaur egun berezia izango da. Euskal Antzerki Topaketetan, Glu-glu taldearen Handitan antzezlanean hartuko du parte gaur, 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Aktore profesional bezala Azpeitiko Topaketetan antzeztuko duen aurreneko aldia izango da. Ez da aritzen antzerkian bakarrik, ordea, telebistan ere hainbat lan egin du eta gaur egun bikoizketan dabil "buru-belarri".

Noiz hasi zinen antzerkian?

Hamasei urterekin Bilbora joan nintzen antzerkia ikastera. Getxon dago antzerki eskola, eta han lau urte egin nituen. Ikasketak bukatu ondoren, pixka bat muturra sartzen joan naiz antzerkiko konpainietan.

Eta antzerkirako zaletasuna nondik datorkizu?

Nik uste dut antzerkirako zaletasuna familiatik datorkigula pixka bat. Lehengusua [Nagore Aranburu] eta osaba [Joxe Aranburu] ibiltzen dira antzerkian, eta txiki-txikitatik antzokietan ibili izan naiz, lehengusua edo osaba ikustera joanda. Hortik zerbait jasoko nuela uste dut.

Antzerkiko ikasketak bukatu ondoren, antzerki taldeetan edota konpainietan "muturra sartzen" saiatu zarela diozu. Erraza al da?

Nik uste dut oso zaila dela, nahiz eta nik nahiko zorte izan dudan alde horretatik. Ikasketak bukatu eta talde batean sartzeko proba egin nuen, eta hartu egin ninduten. Baina kasting edota hautaproba horretara heldu aurretik, nahikoa lan izan nuen. Hautaprobak itxiak izaten dira normalean, eta ez da erraza izaten horien berri jakitea, mundu horretan jende asko ezagutzen ez baduzu behintzat. Nahiz eta saiatu, askotan ez duzu hoien berri jakiten. Nik, Glu-glu taldean sartzeko proba egin eta hartu egin ninduten; dagoeneko lau urte daramatzat talde horretan.

Gaur Azpeitian egingo duzuen Handitan antzezlana haurrei zuzendutakoa da. Beti haurrei zuzendutako antzerkiak egin al dituzu Glu-glurekin?

Nik bai, orain arte egin ditudan guztiak haurrentzakoak izan dira. Baina, urtarrilean helduei zuzendutako antzezlan bat hasiko naiz prestatzen.

Haurrek osatutako ikusleriak zer berezitasun du?

Ikusleria hori umeak eurak diren bezalakoxea da, oso gardena. Obra bera eginda zenbait herritan oso ondo ateratzen da eta beste zenbaitetan, aldiz, okerrago. Baina haurrak ikusle bezala onak dira.

Helduentzako antzezlana prestatzen hastekotan zarela diozu, horrek aktore bezala zer ekarriko dizu?

Aldaketa ekarriko dit. Nik orain arte haurrentzat antzeztu izan dut, eta askotan pentsatu izan dut ikasitakoa galdu egingo nuela. Baina badaukat gogoa aktore bezala erregistroa pixka bat aldatzeko; izan ere, haurrentzako antzezten bizio asko hartzen dira. Niretzako erronka izango da helduentzako antzeztea eta badaukat gogoa.

Azpeitian inoiz antzeztu izan al duzu?

Eskolan nenbilenean antzezlan bat egin nuen, eta gogoan dut Soreasun antzeztu genuela. Baina, profesional bezala aurten aurrenengo aldiz antzeztuko dut Antzerki Topaketetan.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal antzerkia?

Antzerki Topaketak ondo daude eta gainera oso martxa ona izan ohi dute, erantzun ona izaten dute ikusleen aldetik. Baina, nik uste dut horrez gain euskal antzerkia bultzatu beharra dagoela, urte osoko egitarau baten barruan sartuz; batik bat Urola mailan.

Telebistan egindako lanetan zer moduz moldatu zara?

Telebistarako lanak telesailetan egin izan ditut. Goenkalen ibili nintzen zenbait ataletan, eta, orain Pilotarin ere jardun dut, beste paper txiki batekin.

Alde handia al dago antzerkitik telebistara?

Batetik bestera aldea izugarria dagp. Telebistakoa aktore bezala aberasgarria da neurri batean eta nik gustuko dut, baina niretzako batez ere diru sarrera bat da. Antzerkian, berriz, diru sarrera ez da horrenbestekoa, baina bete egiten nau. Baina bizitzeko, antzerkiarekin bakarrik gaizki ibili ohi gara aktoreok.

Antzeztoki gainean eta kamera aurrean bakarrik ez zara ibili, bikoizketan ere aritzen zara. Zer moduzko bizipenak izan dituzu?

Orain buru-belarri bikoizketan nabil lanean. Niretzako bikoizketa zoragarria da: uneoro interpretatzen ari zara, baina anonimotasun batetik. Niri hori gustatu egiten zait.

Nolako pertsonaiak bikoiztea gustatzen zaizu?

Nik, batik bat, marrazki bizidunak bikoizten ditut. Emakumeei orokorrean marrazki bizidunak bikoiztea egokitzen zaigu, eta nik batez ere mutilak bikoizten ditut. Bihurriak direnak edota malezia pixka bat duten pertsonaiak bikoiztea gustatzen zait.

Fitxa teknikoa

Izenburua. Handitan.

Antzerki taldea. Glu-glu.

Zuzendaria eta egilea. Aizpea Goenaga.

Aktoreak. Libe Aranburu, Larraitz Garcia eta Urtza Zuazo.

Argiztapena. Zigor Gorostiola.

Eszenografia diseinua. Edi Naudo.

Jantziak. Arantza Gil eta Eli Elizondo.

Koreografia. Ikerne Goikoetxea.

Musika konposaketa. Jonmari Beasain, Pello Gorrotxategi eta Zigor Sagarna.

Abestien hitzak. Xabier Paia.