EAE-ANV legez kanporatu arren, Azpeitiko Udala ere ezin desegin

Uztarria.com, Berria.info 2008ko aza. 1a, 18:11

Espainiako Estatuko Abokatuak txostenean dio ez dagoela nahikoa arrazoi ANVko udalak desegiteko

"Terrorismoaren aldeko babesak larria eta jarraikortasunezkoa izan behar du horretarako", eta Auzitegi Gorenaren epaian bi kasu baizik ez daudela nabarmendu du

Espainiako Estatuko Abokatuak esan du, txostenean: Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdi politikoa legez kanpo utzi zuen arren -irailean-, ANVko udalak ezin dira desegin. Hala dio El Pais egunkariak gaur (larunbata) argitaratu duen informazioan.

Hego Euskal Herrian 42 udaletan daude agintzen EAE-ANVtik aurkeztu eta hautetsi postua lortu zuten lagunak —haietako gehienek hautetsi independentistak izena hartu zuten gero—. Azpeitia da udal haietako bat. 2007ko ekainaren 16an lortu zuen Iñaki Errazkinek alkatetza: ANVko kideen botoak ez ezik —sei, berea barne—, EAk —bi— eta Aralarrek —bat— ere babestu zuten. EAJ da oposizioan dagoen talde bakarra —zortzi zinegotzi—. "Garbi utzi nahi dut gure lan politikoa egiten jarraituko dugula", zioen joan den irailean Errazkin alkateak, legez kanporatzeko epaia jakin ondoren.

Erregimen Lokaleko 61.2 Legeak Espainiako Ministroen Kontseiluari udalak desegiteko ahalmena ematen dio, "udal horiek modu larrian eta jarraikortasunez terrorismoa babesten, goresten edo justifikatzen badute akordioen edo jardueren bidez". Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuko Abokatuak bere txostenean esan du ANV legez kanporatzeko epaiak udal mailan bi kasu baizik ez dituela aipatzen: presoen eta iheslarien alde Elorrioko (Bizkaia) eta Hernaniko (Gipuzkoa) udalek batzordeak sortu izana, eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak Igor Portu eta Mattin Sarasola presoen alde txaloa eskatu izana -2006ko abenduaren 30ean Barajas Madrilgo aireportuan ETAk egindako atentatuan parte hartu izana egozten diete bi horiei-.

De Fuentes Bardajik ondorioztatu du bi kasu soilik egoteak ez duela justifikatzen udalak desegitea, "terrorismoaren aldeko babesak larria eta jarraikortasunezkoa izan behar duelako horretarako".

Horretaz gain, El Pais-ek dioenez, Estatuko Abokatuaren ustez udalak desegitearen ondorioak ez lirateke "onuragarriak" izango.

Neurri hori hartuko balitz, ez lirateke berriro hauteskundeak deitu herri horietan. Kasuan-kasuan, Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua egingo lirateke haien eguneroko kudeaketaren kargu, 2011n berriz ere udal bozak egin arte.