Bizitzaz orri batean

Kepa Urbieta 2008ko urr. 31a, 16:10

Hitzalean izenburupean argiratu diren narrazioekin osatutako bildumarako alea idatzi du Urola Kostako Hitzan

Begiak zabaldu zituen. Paisaiak ohiko kolorea galdua zuen; behar baino tonu argiagoan zegoen. Egoera hura, loak eguzki galdatan eta ahoz gora hartu izanaren ondorioa zela bazekien. Ez zen gertatzen zitzaion lehenengo aldia. Begi ilun eder haiek ohitzeko denbora beharko zuten.

Lo-kuluxka hark gorputzaldi txarra utzi zion- orduaren hiru laurdenak iraungo zituen.- Izerdi tantak zetozkion buru-hezurretik behera; tantek leporainoko bidea nola egiten zuten sentitzen zuen. Aurpegiko masailak gorri-gorriak izango zituela pentsatu zuen, sentitzen zuen bero hark halaxe esaten zion. Esku bat kopetara eraman eta alde batetik besteraino pasatu zuen izerdia kentzeko. Oraindik begiek hondartza hartako paisaia erreak erakusten zizkieten.

Ez zituen gogoko hondartza beteak; xarmarik gabeak ziren. Originala ez izatea zen, funtsean, onartzen ez zuena. Eguraldi ona, halabeharrez, hondartzarekin lotu beharrak ernegatzen zuen; berak, agobioa deitzen zion, baina erratuta zegoen: haserrea zen sentitzen zuena. Larunbat hartan, askoren denbora-pasa izan zen hondartzara joatea. Aurrez, bazekien hala gertatuko zitzaiola, agobiatuko zela. Hala eta guztiz ere, joatea erabaki zuen. Egun hartan, bakarrik egon nahi zuen bere buruarekin. Jendartean bakardadean; jendartea eta bera. Eta beroa zuen. Beroegia gorputza. Bainu bat hartzeak mesede egingo ziola pentsatu zuen. Zegoen lekutik itsasora 20 bat metro izango zituen, marea behean zegoen eta. Uretarantz zihoala, oraindik ere esnatu berritako gorputzaldiarekin, hondartza hartako iskanbilaz ohartu zen. Zerua baino garbiago sartzen zitzaion belarri-zuloetatik bururaino, eta harritu egin zen, berbots arte hartan, lo-gozoak zein ustekabean besarkatu zuen hausnartzean.

Itsasoa bare zegoen, eta baretasun hark lasaitasuna sentiarazi zion, uraren ferekek hanketatik irrist egiten ziotela. Hutsik zegoen eremu hura. Itsasoa eta bera bakarrik zeuden. Gerri aldea sartu zuenean sentitu zuen uraren hotza, eta hark esnatu zuen pixka bat. Berak nahiago zuen epelxeagoa balego, ordea, sartu artekoa izango zela bazekien. Horregatik, bere burua bota zuen damutu aurretik. Igeri egin bitartean, hiruzpalau alditan ur azpian sartu zen osorik berotasunean sartzeko. «Freskotasun bila etorri, eta beroa nahi», pentsatu zuen berekiko, itsasoan barrena sartzen ari zelarik.

Behin gorputza epeldu zitzaionean, ur-azalean etzan zen, ahoz gora berriro ere, eskuak eta hankak alboetara luzatuta, egonaldi luzea egiteko. Urak belarria estaltzen zion tarteka, eta horrek zarata guztietatik babesten zuen, behar zuen lasaitasuna emateko.

Gizartetik kanpo sentitzen zen, harik eta zerbaitek edo norbaitek eskuan ukitu zuen arte. Sustoak bat-batean harrapatu zuen, eta haren eraginez itsasoko ura eztarritik behera sartu zitzaion. Ukitu zuen hura zer izango ote zen pentsatze hutsak are eta urduriago jartzen zuen: plastiko poltsaren batek, marmoka batek, algek, konpresaren bat, agian.

Segundo gutxi batzuen bueltan, biraoka hasi zen inguruan gizon bat luzez etzanda ikusi zuenean. Oharkabean konturatu zen heldu hark denbora gehiegi zeramala arnasa hartu gabe, ahozbera. Beldurrak eraginda, poliki gerturatu zitzaion. Sorbaldatik bultza egin zion, kanpoalderantz, badaezpada. Gizonaren gorputzak ur-azalean balantza gozo batzuk egin zituen, uhin leun, txikiak sortuz. Berriro bultza egin zion, oraingoan, hanketatik, bereganantz erakarriz. Tolestutako paper txiki bat askatu zen gizonaren esku batetik. Zabaldu eta irakurri egin zuen. Sei segundo, inoizko luzeenak behar izan zituen deiadarra egiteko:

—Hilda dago! Hilda dago!- oihukatzen zuen begiak aurrean zuen gorputz hartan finkaturik zituela.

Berehala zabaldu zen hondartza guztian gorpua zegoen berria. Zabuka kanporantz, zihoala bi sorosle gazte ziztu bizian sartzen gurutzatu zituen. Urertzean hogei bat lagunek bidea egin zioten. Zuzenean bere lekura joan eta etzan egin zen, papertxoari babespea ematen zion ukabila bihotz ondoan jarrita.

Ertzaintza eta anbulantzia entzun zituen iristen. Alferrik zen, hilda zegoen. Minutu gutxi barru bi ertzain inguratu zitzaizkion berari:

—Zuk aurkitu al duzu gorpua?- buruarekin baietz erantzun zuen.

—Ongi zaude?- buruarekin ezetz esan zien.

—Nahi al duzu medikuek ikus zaitzaten? Edo eramango zaitugu beste norabait. Komisaldegira etorri behar zenu...

—Etxera eramango baninduzue- moztu zion- Eskertuko nizueke.

—Hartu zure gauzak, eta eramango zaitugu. Azken galdera bat: zerbait arraroa ikusi edo antzeman duzu uretan zeunden bitartean?

—Ez. Ezer ere ez.

—Banekien. Baina, badakizu, galdetu beharra izaten dugu. Jakin nahi baduzu, gizonak Pedro zuen izena, eta bihotzekoak jota hil da.

—Ez, bihotzekoak emanda ez - esan zuen berekiko.

Hondartzako bagaia guztiak etxeko sarreran utzi, papertxoa hartu eta ohean etzan zen. Data, esaldia eta sinadura; eskuz idatziak. Horixe zen paperean zegoena. Ez zuen orri umel hura zabaldu beharrik esaldi hark zioena gogoratzeko. Pedrok heriotza eta gero ere orritxoa eskuan gorde izana miresten zuen. Garrantzitsua behar zuen izan. Ertzainei gezurra esan ziela ohartu zen. Konturatu gabe egin zuen arren, papertxoaren kontua ezkutatu zien.

—Zergatik egiten didazu hau Pedro?

Hotzikarak sentitzen zituen, eta dutxa bero batek lagunduko ziola pentsatu zuen. Gorputzari ohi baino laztan handiagoz igurtzi zion xaboia. Hamabost minutuz egon zen, ur berotan. Gortina albo baterantz bildu zuenean, bainugelako argiak lurruna erakusten zuen. Gorputza lehortu, eskuoihala gorputzari erantsi eta ilea lehortzen hasi zen. Lehorgailuaz ispiluko lausoa kendu zuenean, begi ilun eder haiek nekea adierazten zuten. Aldi berean, dirdira zerien, negar egin nahi eta ezin balute bezala. Bazekien Pedroren bihotzak ez ziola besterik gabe bizitzeari utzi.

—Nahigabe batek eginiko hilketa izan da.

Gaueko ordu biak ziren. Papertxoa eta boligrafoa hartu eta hondartzara abiatu zen. Pedro zerk hil zuen jakin nahi zuen. Ezjakintasunak baino gehiago bere bakardadea berreskuratu nahiak bultzatuta joan zen. Izan ere, bere bakardadean Pedro zegoen, ezezagun bat. Arropak erantzi eta itsasoan sartu zen, olatu artera. Pedro aurkitu zuen modu berean jarri zen, ahal bezain beste denboran. Gehiago ezin zuenean, burua atera, hankak lurrean jarri, eta arnasa sakon eta sarri hartu zuen. Kanpora atera, eta arropetatik papertxoa eta boligrafoa atera zituen. Zabaldu, eta Pedroren sinaduraren ondoren hasi zen idazten:

"'2008ko abenduaren 16a
Bizitzea hil arteko denbora galtzea da.
Pedro Urbieta
2008ko abenduaren 17a
Hiltzea bizitzako denbora galtzerik handiena da.
Ni'".