Gipuzkoako Haur eta Nerabeen zuzendariari eta Azpeitiko alkateari

F.J Larrañaga, I.Odriozola eta A.Altuna 2008ko urr. 30a, 11:10

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Nerabeen zuzendari Jose Ignacio Insausti Mujikari eta Azpeitiko Alkate Iñaki Errazkini:

Jose Ignacio Insaustiri: babesik gabeko adin txikikoak artatzeko errekurtso faltaz kexatzen zara, eta Azpeitian, ia milioi bat euro ordainduta, etxebizitza bat hartu duzue adin txikiko hauentzat. Etxe honek 300 metro koadro ditu, 75 metro koadroko terraza aterpe eta guzti, igerileku pribatua. Diru honek zure poltsikotik atera behar balu, horreka xahutuko al zenuke?

Zuk etxebizitza hori gure auzoan inposatu egin diguzu, inolako kontsultarik egin gabe, informazio argi eta zehatzik eman gabe, eta beti erdizkako kontuekin zabiltzala. Auzo honetako gehiengoa etxebizitza honen aurka dagoela gogorarazten dizut. Guk, etxebizitzari beste erabilera bat ematea proposatu genizun -tratu txarrak jasandako emakumeentzat izatea etxebizitza hori-, baina horrek ez dizu balio. Zerbait gertatzen bada, erantzule izango al zara?

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateari: zu etxebizitza hau zure herrian kokatzearen aldekoa zara. Zure auzoan jarriko al zenuke? Eskaini ezazu alternatiba bat bederen.

Gainera, azken hogei egunetan hiru aldiz joan gara udaletxera, eta ez gaituzu hartu. Zure idazkariak aintzakotzat hartu gaitu, baina zure berririk ez dugu. Noiz emango diguzu hitzordua adin txikikoen etxebizitzari buruz hitz egiteko? Alkate Jauna, ohartzen al zara, arazoak badaude, hauek Arrian bakarrik ez direla izango? Guk gure etxeak itxi ditzakegu, baina herriko dendariek beraien dendak ere itxi egin behar al dituzte? (Azkenaldiko gertakari larriak aipatu gabe).

Zure herritarrek etxebizitza honi buruz zure posizionamendu zein den jakiteko eskubidea dute, eta zuk hori adierazteko betebeharra. Eta eskaera bat egin nahi genizuke: pentsa ezazu zure herritarren segurtasunean, ez zure programa politikoan (bakarrik).