Egoi Ederrek irabazi du Urrakiko igoera, eta Gorka Apalantza bigarrena izan da

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 28a, 11:10
Urrakiko Igoeran parte hartu zuen auto bat. Ikusle ugari bildu zen Urrakirako errepide bazterretan. (Nerea Uranga)

Entrenamendu saioan eta lehen igoeran errepidea arriskutsua zegoen eta, ondorioz, istripu ugari izan zen

Hamabost gidari azpeitiar hartu zuten parte lasterketan; horietatik azkarrena Iñaki Alberdi izan zen

XXVI. Urrakiko Igoera auto lasterketa jokatu zuten, Lagun Artea Eskuderiak antolatuta larunbatean. Egoi Ederrek irabazi zuen lasterketa orokorra Silver Car autoarekin. Haren atzetik, Gorka Apalantza errezildarrak egin zuen bigarren Urrakin, Subaru Impreza WRCrekin. Lehen azpeitiarra, berriz, Iñaki Alberdi izan zen, Porsche 911 GT3 autoarekin.

Hasiera zalapartatsua izan zuen auto lasterketak, parte-hartzaileen motor eta asistentziako autoaren sirena hotsekin. Labaina zegoen Urrakirako errepidea eta horrek nahiko lan eman zion gidariei, batik bat entrenamenduetan eta lehen igoeran. Hala dio Iñaki Alberdi auto gidariak: "Lehen igoeran labaina zegoen errepidea. Goizeko hotzarekin bustita zegoen eta horrek aurren-aurrenetik istripuak eragin zituen". Entredamendu saiotatik hasi ziren istripuak gertatzen, eta hori ez da ohikoa izaten. Bestetik, auto lasterketa ikustera joanda jende asko izan zen Urrakiko errepide inguruetan, 5000 lagun inguru, eta antolatzaileek lan handia izan zuten jendea leku seguruetara eramaten. Ondorioz, lasterketa aurreikusi baino ordu erdi beranduago bukatu zen.

Alberdi gustura dago Urrakin egindako lanarekin: "Behintzat nire errekorra hobetu egin dut segundo batean. Hirugarrengo igoeran errepidea hobeto zegoen, eguzkiak lehortuta eta hiru segundo gutxiago behar izan nituen Urraki igotzeko. Hala, segundo batean hobetu dut neure denbora". Hurrengo auto lasterketa Aian izango da, baina Alberdik oraindik ez du erabaki han parte hartu edo ez.

Parte-hartzaile eta ikusle ugari

  1. auto gidarik parte hartu zuten Urrakiko Igoeran, eta horietatik hamabost azpeitiarrak izan ziren; errezildarrak, berriz, hiru.