Azpeitiko EAJk bere presidentearen etxean egindako pintadak salatu ditu

Uztarria.eus 2008ko urr. 23a, 19:10

Gaur, osteguna, goizaldean agertu dira pintadak; diana baten barruan EAJren herriko presidentearen izena agertzen zen eta bestean alderdiarena.

Azpeitiko EAJk komunikatua plazaratu du, gertaera salatuz

Azpeitiko EAJk komunikatua plazaratu du gaur, osteguna, bere presidentearen etxe sarrerako paretan agertutako pintadak salatzeko.

Jeltzaleek komunikatuaren sarrerakoan azaldu dutenez gaur, 07:45ean lanerako atera denean ikusi ditu aipatu pintadak Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidente Pello Elorzak. Bi pintada ziren, "bat bere izena diana baten barruan sartuta zuena, etxeko sarrerako paretan, eta beste bat pixka bat gorago, PNV diana batean sartuta zuela".

Gertaera hori dela-eta, sei puntuko idatzia zabaldu du Azpeitiko EAJk komunikabideetara. Hona hemen sei puntuak:

  1. EAJ alderdia, alderdi demokratiko bat da, bere lana bide politiko hutsetatik egiten duena, Azpeitiko herritarrez osatua eta Azpeitiko herriaren alde lanean ari dena.
  2. Harrigarria egiten zaigu, bere buruarentzat demokrazia eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzen ari den jendeak besteen eskubideak eta demokrazia ukatuz era horretako pintadak egitea, pertsonak eta alderdiak mehatxatuz.
  3. Euskal Herrian, eta Azpeitian gure kasuan, era askotako pentsamoldeak dituen jendea dago, eta denek dute bere iritziak askatasunez emateko eskubidea. Guri hala eskatzen zaigu —eta betetzen dugu—, eta guk ere hala eskatzen diogu besteei gurekiko. Azpeitiko EAJk inoiz ez du inor mehatxatu bere iritzi politikoengatik, eta guk ere hala nahi dugu gertatzea gurekin.
  4. Egituraketa politikoak ematen du aukera —eta aukera hori erabiltzen dugu alderdi guzti-guztiok— nork bere ideia politikoak defendatzeko, egitura instituzional ezberdinetan. Horrek izan behar du bidea, eta ez pintadek adierazten dutena.
  5. Esijitzen diogu Azpeitiko alderdi politiko eta herritar guztiei era honetako ekintzak salatu eta gaitzetsi ditzatela, inolako salbuespenik gabe eta inolako aitzakiarik gabe.
  6. Gure itxaropena da era honetako gertakizunak Azpeititik desagertu egingo direla, eta herriaren alde beti erabili behar diren arma bakarrekin egingo dugula: hitzarekin, debatearekin eta denon ideiak elkartrukatu eta adostasunera iritsiz.