Bertso saioa antolatu du Uztarria Komunikazio Taldeak

uztarrria.com 2008ko urr. 23a, 14:10

Herri aldizkariak 100. zenbakia beteko du eta hori ospatzeko egingo da saioa —dirua biltzeko ere bai—, urriaren 31n, Gaztetxean

Sustrai Colina, Jon Maia, Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Haritz Etxeberria eta Silbia Etxaniz izango dira bertsolariak

Uztarria Komunikazio Taldeak, Erniarraitz Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, bertso saioa antolatu du hilaren 31rako; Azpeitiko Gaztetxean izango da. Saio honek, batetik, Uztarria taldearen proiektua aurrera egin ahal izateko behar duen babes ekonomikoa lortzea du helburua. Bestetik, azaroan 100. zenbakia beteko du herri aldizkariak —eta bederatzi urte— eta ospatzeko aukera izango da bertso saioa.

Era guztietako bertsolariak ikusi ahalko dira, herritarrak nahiz kanpotik etorritakoak. Sustrai Colina urruñarra, Jon Maia zumaiarra, Eneritz Artetxe eta Silbia Etxaniz azkoitiarrak, eta Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro azpeitiarrak ariko dira kantuan.

Sarrerak bost euroren truke egongo dira salgai, Gaztetxean bertan.

Bertso saioa

Noiz eta non?. Urriaren 31n, ostirala, 22:30ean, Azpeitian, Gaztetxean.
Bertsolariak. Sustrai Colina, Jon Maia, Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Haritz Etxeberria Ministro eta Silbia Etxaniz.
Gai-jartzailea. Xabier Azpillaga.
Sarrera. Bost euro. Gaztetxean eros daitezke egun bertan.