Hiru tenpluak mugikorrean

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 6a, 11:10

Ignaziotar Lurraldea erakundeak hiru tenpluei buruz mugikorrerako gida turistikoa prestatu du

Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeen arteko garapen turistirako proiektu bateratua da

Ignaziotar Lurraldea Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeen arteko garapen turistirako proiektu bateratua da, Iraurgi Lantzen S.Ak., Zumarragako Udalak eta Debagoieneko Udal Elkarteak kudeatutakoa.

Proiektu honen arduradunek aurrerapauso bat eman nahi izan dute; horretarako, turismoko merkatuaren eboluzioari eta kontsumitzaileen joerei eta behar berriei erantzunez, mugikorraren bidez eskuratu daitekeen gida turistikoa prestatu dute.

Hiru Tenpluen Ibilbidea

Ignaziotar Lurraldea 1997an sortu zen, Hiru Tenpluen Ibilbidea marka turistikoa merkaturatu zenean. Loiolako Ignazio eta bere garaia oinarri hartuta, hots XVI. mendea, Urola Erdiko, Urola Garaiko eta Debagoieneko ondare historiko-artistiko-erlijiosoa aztertu eta eskualdeko nahiz kanpoko bisitarien esku jarri nahi dute.

Hiru Tenpluen Ibilbidea izan zen sortu zuten lehen ibilbidea. Loiolako Santutegia, Antioko Baseliza eta Arantzazuko Santutegia lotzen dituen ibilbidea da hau, eskualdeetako ondare garrantzitsuenetakoa eta sona turistiko handiena duena. Hori dela eta, ibilbide honi dagokion gida turistikoa izango da mugikorretik eskuratu ahal izango den lehena: Hirutur Gida izenekoa, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirolak eta kanpo Harrremanak Sailetik diru laguntzak jaso ditu proiektuak eta Batura Mobile Solution enpresarekin elkarlanean egin dute mugikorrerako gida.

Informazio erabilgarria

Erabiltzaileak hainbat informazio erabilgarri lortu ahal izango du: zerbitzu turistikoen telefonoak, turismo bulegoen telefonoak, jatetxeak, hotelak eta abar. Era horretan, turismo bulegoak itxita topatzen dituenak edo turismo bulegorik ez dagoen kasuetan ere bisitariak eskuragarri izango du beharrezko informazio guztia.

Informazio hori deskargatzeko ere hainbat aukera egongo da: Bluetooth sistema erabilita; SMS bitartez; mugikorreko internet zerbitzuaren bitartez; mugikor batetik bestera; edo ordenagailutik, adibidez.

Informazio guztia www.ignaziotarlurraldea.com webgunean aurki daiteke, bai Hirutur Gidari dagokiona, bai beste zerbitzuen eta ibilbideen ingurukoa.