Eta, atxilotu ondoren, zer dio Hazparneko apaizak?

Uztarria.eus 2008ko ira. 26a, 20:09

"Mugimendu independentisten aldeko diru zuriketa egitea" egotzita atzeman zuen astelehenean Frantziako Poliziak Maurice Arhets; gauean libre utzi zuen

Zer alderdikoa den galdetu zioten, zer irakurtzen duen...; paper bat sinatuarazi zion Poliziak apaizari, honek jakin gabe zer jartzen zuen

Lehengo astelehenean Frantziako Poliziak Maurice Arhets Hazparneko (Lapurdi) apaiza atxilotu zuen Ā—Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatikĀ—, baita beste bost euskal herritar ere, Kalaka Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) ostatuaren bidez "mugimendu independentisten aldeko diru zuriketa egitea" leporatuta. Gauerako denak libre utzi zituen.

Zer dio atxiloketa horretaz Hazparneko apaizak? Gaur (ostirala) Berria egunkariak elkarrizketa egin dio hari. Hona hemen.

Maurice Arhets (Hazparneko apeza)

Zer ordutan etorri ziren zure etxera?

Niri, bezpera arratsean telefonoz deitu ninduten Hazparneko polizia etxetik, eta biharamunean ehorzketarik banuen galdetu. Nire ustez, ez zuten nire lana trabatu nahi. Horrelakorik ez nuenez, erran zidaten biharamunean jendarmeriara presentatu behar nintzela. Entzun nahi zidaten. Goizean bilkura bat nuen, eta erantzun nien arratsaldean joanen nintzela. Sumatu nuen ez zirela kontent, baina horretan gelditu ginen hasiera batean. Gero berriz deitu ninduten, Pauetik, erranez goizean aurkeztu behar nintzela. Zertarako zen galdetu nien, eta erantzun zidaten auto kontu bat zela. Biharamunean nire gustuz aurkeztu nintzen jendarmeriara, 08:30ean.

Lekuko gisa deklaratu zenuen edo inputatu gisa?

Ez dut sekula jakin eta oraindik ere ez dakit inputatu ala lekuko gisa deklaratu dudan. Ez zidaten erran, baina uste dut inputatu gisa zela. Erran zidaten inkesta bat egiten ari zirela Frantziako Errepublikako prokuradore-ordeak manatuta. Diru delinkuentzia bat ikertzen ari ziren, baita Kalaka ostatuari buruzko zerbait ere. Sinarazi zidaten paper bat. Horrek zioen epaileak nire aditzeko agindua eman zuela. Besterik ez nuen ikusi. Papera bai, baina ezin izan nuen eskuetan hartu. Partitzean paper hura hartzen ahal nuenez galdetu nuen, baina erran zidaten ezetz. Agian, nire izena aurkituko zuten hortik. Gure eskualdeko herriak, herri ttipiak dira eta denek elkar ezagutzen dugu.

Galdeketa nola pasatu zen?

Ez ziren berehala gaira jin. Lehenik etxegintzari buruz aritu ziren. Zer pentsatzen nuen, eta horrelakoak. Gero galdetu zidaten Haika eta Segi ezagutzen nituen, eta nik Haika ez nekiela zer zen. Goiza horrela igaro zen. Noizbehinka pausa txikiak egiten genituen. Pentsatzen dut orduan nire erantzunak bertze norbaiti igortzen zizkiotela.

Galdera zehatzik egin zizuten?

Arratsaldean hasi ziren pertsona batzuk ezagutzen nituen galdetzen. Batzuk ezagutzen nituen; bertze batzuk, berriz, ez. Sortzez Oztibarrekoa (Nafarroa Beherea) naiz eta Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) egon naiz apez. Zerrenda horietan baziren hango jendeak eta ezagutzen nituen. Batean ez nuela ezagutzen erantzun nien, eta orduan haiek: "Nola ez duzu ezagutzen? Zure auzoa da?". Gero ohartu nintzen hala zela, baina izena bera ez zitzaidan ezaguna egiten.

Batasunari buruz galdetu dizute?

Ez, ezta Ducassen ostatuari buruz ere.

Kalaka ostatua aipatu zizueten?

Bai. Galdetu zidaten zer zen. Eta erantzun nien topagune bat zela, eta ongi iruditzen zitzaidala tokiko batzuek segida hartzea. Ni ere frankotan izan naiz. Azaldu nien jende guzietarik errezibitzen dituztela, abertzaleak izan ala ez.

Zure iritzia jakin nahi zuten?

Bai, nire pentsamoldeak. Galdetu zidaten neure burua abertzaletzat ezagutzen nuenez, zer alderditan nintzen, eta nik, alderdi batean ez nintzela. Jakin nahi zuten zer irakurtzen nuen, eta nik, Euskal Herriko Kazeta, Sud Ouest eta teologiako liburuak, bertzeak bertze. Gero galdetu zidaten Donibane Garazin aitzineko larunbatean egin zen manifestazioaren berri nola izan nuen. Eta nik erantzun nien aski zutela, Sud Ouest irakurtzea han agertzen baitzen.

Bazkaria eman zizuten?

Eskaini zidaten, baina ez nuen hartu, fite finituko zela erraten baitzidaten. Etxean bazkaldu nahi nuen. 18:00etan utzi ninduten aske, galdetuz zer iruditu zitzaidan eguna. Nik erran nien ez zirela bortitzak izan. Halarik ere, ohartarazi nien lana ezin izan nuela behar den bezala bete apez bezala betebeharrak ditudalako.

Orain badakizu berriz deituko zaituzten?

Ez, ez dakit.