Erdi Aroko Azokak hartuko du herriko Alde Zaharrra asteburu honetan

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 23a, 11:09
Iñaki Errazkin, Mikel Ibarzabal eta herriko dendariak, agerraldian. (Nerea Uranga)

Azoka plazan, era berean, II.Stock Azoka egingo du herriko merkatari elkarteak; aurten 25 postu jarriko dituzte

Marrazki Lehiaketa bat ere antolatu dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat

Denboran atzera egin eta zaldunen garaira itzuliko da Azpeitia datorren asteburuan. Bosgarren urtez jarraian, Erdi Aroko Azoka hartuko du herriko Alde Zaharrak. Besteak beste, zeramika, larrua, grabatuak, zilarrezko pitxiak eta egurrezko jostailuen postuak bisitatu ahal izango dira goizez nahiz arratsaldez. Larunbat eguerdian irekiko dute azoka, desfile batekin, eta igande arratsaldean itxiko dute, 20:00ak aldean.

Ekitaldia joan den ostiralean aurkeztu zuten udaletxean. Bertan izan ziren herriko dendarien ordezkariak, Udaleko Festetako batzordeburu Mikel Ibarzabal eta alkate Iñaki Errazkin. Hauek Erdi Aroko eta stock azoken nondik norakoak azaldu zituzten.

Animazioa, kaleetan zehar

Erdi Aroko Azoka zabalik dagoen bitartean, hainbat talde kaleak girotzen ibiliko da: Maimur Ertaro Zirko konpainia, joaldunak, Udal Musika Banda, Juan Antxieta Musika Eskola, Itsasi Dantza Taldea eta herriko txaranga, alegia. Ibarzabalek adierazi zuenez, «herritarren eta herriko taldeen parte-hartzea handiagoa da urtetik urtera. Gero eta talde gehiago animatzen da. Aurten, esaterako, inoiz ez bezalako herriko taldeen parte-hartzea izango du. Beste inork zerbait antolatu nahiko balu azokaren baitan, Udaleko ateak zabalik ditu».

Postu gehienak plazan jarriko dituzte. Edonola ere, Santiago kalean eta pilotalekuan ere izango da zer ikusirik: ehiza hegaztiak, gaztagintzako postua, zeramika lantegia eta orkestra gizona. Albergak, bestalde, jatorrizko itxura hartuko du eta antzinako garbitegi bilakatuko da. Bestalde, talde batek ehoziri lanak egingo ditu plazan.

Stock Azoka, Azoka plazan

Erdi Aroko azokarekin batera, herriko merkatariek II. Stock Azoka antolatu dute Azoka plazan. Merkatari elkarteko kide Rosario Ibaietaren esanetan, «gero eta dendari gehiago animatzen da postua jartzera. Izan ere, garai txarrak bizi ditugu dendariok eta askotan produktu onak saldu gabe gelditzen zaizkigu. Produktu horiei irteera bat emate aldera antolatzen dugu azoka hau. Hala, produktu onak prezio onetan erosteko aukera eskaintzen dugu».

Iaz, 15 dendarik jarri zituzten postuak azoka honetan. Aurten, berriz, 10 dendari gehiago animatu dira eta guztira 25 postu jarriko dituzte. «Udalak herriko komertzioa eta bertako produktuak bultzatzea du helburu», azaldu zuen alkateak: «Beraz, asteburuan herriaz eta izango den eskaintzaz gozatzera animatu nahiko nituzke bai herritarrak bai herritik kanpo datozenak».

Herriko merkatarien ordezkariek, Udalak herriko komertzioa bultzatzeko jarri duen gogoa eskertu zuten. «Ikusten da Udalak herriko merkataritza sustatzeko interes handia duela», eskertu zuen Rosario Ibaietak.

I Marrazki lehiaketa

Erdi Aroko azokaren baitan, Arte eta Diseinu Ikastegiak I. Marrazki Lehiaketa antolatu du lehen aldiz. Lehiaketa igande goizean izango da, eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Antolatzaileek marrazteko taula, paper eta arkatz bana emango dizkiete parte-hartzaileei.

Lehiaketa 10:30ean hasiko da eta lanak 13:30erako aurkeztu beharko dira. Lehiaketaren gaia honakoa izango da: Azpeitiko eraikin historikoak. Sariak 18:00etatik aurrera banatuko dituzte.

Erdi aroko azoka

  • Noiz.Irailaren 27an eta 28an, datorren asteburuan.
  • Non. Herriko Alde Zaharrean. Postu gehienak herriko plazan egongo dira. Gainerakoak, berriz, Santiago kalean eta pilotalekuan.
  • Ordutegia. Goizez, 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Azokaren irekierarekin batera desfile bat egingo dute.
  • Marrazki Lehiaketa. Izena asteburuan eman beharko da, Erdi Aroko azokan. Lehiaketa igande goizean izango da: 10:30etik 13:30era. Sariak 18:00etatik aurrera banatuko dituzte.