Igerilekua, eguraldiaren morroi

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 22a, 13:09

Kanpoko igerilekua erabiltzeko orduan "aurten ere" eguraldiak ez du asko lagundu, Udalekoan hitzetan

Iazko datuekin alderatuz, aurten iaz baino %3 erabiltzaile gutxiago izan da

Aurten ere, kanpoko igerilekuan eguraldia ez dela "oso lagun ona" izan diote Udaleko Kirol Sailekoek, eta «ondorioz, kanpoko igerilekuan iazko datuen antzekoak izan ditugu. 93 egunetan izan da zabalik eta guztira 34.571 erabiltzaile izan dira». Iazko datuekin alderatuz, aurten iaz baino %3 erabiltzaile gutxiago izan da, baina igerilekua egun gutxiagotan egon da zabalik; iazkoarekin alderatuz gero, zazpi egun gutxiagotan.

Kanpoko igerilekua gehien erabili dutenak Udal Kirol Patronatuko bazkideak izan dira, %80, 27.544 hain justu ere. Baina, iazko datuekin alderatuta, aurten bazkide gutxiagok erabili dute igerilekua, iaz baino %5 gutxiagok. Dena dela, bazkide ez diren lagun gehiago joan da igerilekura, aurten iaz baino %18 gehiago.

Udal Kirol Patronatuak 93 egunetan izan du kanpoko igerilekua zabalik, ekainaren 14tik irailaren 14ra. Egunean batez beste 372 lagun ibili da; bi egunetan, gainera, itxi egin zuten igerilekurako sarrera, jendez gainezka zegoelako eta segurtasun neurriengatik. Jende gehien ibili zen eguna uztailaren 23a izan zen; orduan 1.323 erabiltzaile izan ziren.

Kanpoko igerilekua 2001eko uztailaren 14an ireki zuten eta erabiltzaile gehien izan zituen uda 2003koa izan zen; orduan 48.235 lagunek gozatu zuten igerilekua.

Udaleko Kirol Sailekoen arabera, "urtez urteko datuak ikusita garbi ikusten da eguraldiak eragin handia duela eta jendeak eguraldiak laguntzen duenean erabiltzen duela kanpoko igerilekua".

Garmendipeko teniseko eta paddleko pistetan, aurten iazko aldean jende asko ibili dela adierazi dute Udalekoek.