Iñaki Errazkin: "Garbi utzi nahi dut gure lan politikoa egiten jarraituko dugula"

Berria (2008-09-19) 2008ko ira. 19a, 13:09

Eraso gehiago espero ditu Azpeitiko alkateak, eta bera espetxeratzea ere ez du baztertzen, "agian elkarrizketa hau aitzakia hartuta"

ANV legez kanporatu arren, konpromisoari eutsiko diola dio Errazkinek

Legez kanporatzeei buruz ari denean, erabaki politikoez ari da Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea (Azpeitia, 1975); ez erabaki juridikoez. Elkarlana aldarrikatu du "harresi demokratikoa" egiteko.

Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi berri du. Iragarritako kronika zela esan daiteke?

Hori prestatzen ibili dira eta azken urte eta hilabeteetan eramaten ari diren dinamika errepresiboarekin, eta nahiko garbi zegoen horrelako emaitza etorriko zela. Orain arteko epaiek hori iragartzen zuten. Ikusten dena da PSOEk erabakita duela zigor errepresibo gogorrak ezartzea eta legez kanporatze prozesuan sakontzea. Kasu honetan ANVri iritsi zaio txanda eta 70 urteko historia luzea duen alderdi bat legez kanporatu dute. Frankismoan legez kanporatu zuten eta orain berriz ilegalizatzen dute. Gainera, garai hartan erabilitako antzeko arrazoiekin. Hori da, momentu honetan, demokrazia deitzen dioten honetan gertatzen ari dena.

Aste berean Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta EHAK legez kanpo utzi dituzte. Zerbait pentsarazten dizu horrek?

Esan genezake prozesu horiek guztiek erabaki politiko baten ondorio direla. Amnistiaren Aldeko Mugimenduari dagokionez, presoen egoeraren salaketa egiteagatik hamar urteko zigorrak ezarri dituzte ustez demokratikoa den sistema batetan. Aste honetan ikusten ari garenetik eta aurreko astean gertatu zirenetatik ondorio argi bat atera dezakegu. Joan zen astean epai baten bitartez esan ziguten Euskal Herria ez dela subjektu bat, ez dela existitzen, eta ez duela erabakitzeko eskubiderik. Aste honetan esaten ari zaizkigu, berriz, horren alde lan egiten duena, marko demokratiko baten alde lan egiten duena legez kanpo utziko dutela eta gainera errepresioa erabiliko dutela horren aurka. Hori da aste honek uzten digun hausnarketa.

Espainiako Gobernuko ordezkariek esana dute halako legez kanporatzeak eta neurriak normalizazioaren bidean egindako urratsak direla.

Espainiari begira ari dira. Hemen bizi den edonork suma baitezake horrelako erabakiek haustura eta gatazka besterik ez dutela sortzen. Eta konponbidearen bidean inolako hurbiltze edo urratsik ez dutela egiten. Sakonean ezkutatzen dena da eraso horien guztien atzean helburu bat dagoela: ezker abertzalearen lana eta dinamika politikoa oztopatzea, hain zuzen ere marko demokratiko bati begira egin dituen eta egiten ari den urrats horiek geldiarazteko. Zentzu horretan, esan genezake Espainiaren inperialismoaren normalizazioa dela lortu nahi dutena. Baina argi dago, erasoak eraso, bizitzen ari garen egoera gordin honetan ere, helburu horiek, halako erasoekin behintzat, ez dituztela beteko.

Rubalcaba ministroak EAE-ANVren legez kanporatzearen harira esan zuen "demokraziak ez duela onartuko ETAk politika egitea instituzioetatik".

Urteak dira tesi hori hainbat eta hainbat eragileren aurka egiteko erabiltzen ari direla. Horrela egiten diete eraso alderdiei, eragileei, komunikabideei... Denak balio du herri honen nazio eraikuntzaren bidean lan egiten dugunoi eraso egiteko. Gainera, Rubalcaba jaunak esatea hori... Guri herritarrek eman digute udaletan egoteko zilegitasuna, eta ni horiei zor natzaie. Horien bozen bitartez nago ni hor, eta horien babesa dudan bitartean egongo naiz; herritarrek nahi ez dutenean, ez. Horiek dira demokraziaren joko arauak, ezta? Baina badirudi Rubalcabak bestelako tesi horiek behar dituela egiten ari dena ezkutatzeko: ordezkaritza politiko demokratiko bat baztertzea. Gainera, GALen garaian ministro izan zenak egiten du hori.

EAE-ANV legez kanporatu ondoren, orain zer?

Garbi utzi nahi dut guk gure lana egiten jarraituko dugula. Lehen esan dudan moduan, gu herritarrei zor gatzaizkie. Guk konpromiso bat hartu genuen herritarren aurrean. Gure kasuan, Azpeitiko herritarren aurrean hartu genuen proiektu ezkertiar eta abertzale bat udaletxean lantzeko konpromisoa. Eta, beraz, guk hori egiten jarraituko dugu. Lan politikoa egiten jarraituko dugu eta bide horretatik ez gaituzte baztertuko. Egia da erasoek jarrai dezaketela. Lehen ere badira politika egiteagatik kartzelatu dituztenak. Ino Galparsoro Arrasateko alkatearekin gertatu zen duela gutxi. Eta posible da elkarrizketa hau aitzakiatzat hartzea eraso horiek emateko. Baina tira, argi dugu guk konpromiso bat hartu genuela gure proiektua garatzeko, herritarrei zor gatzaizkiela eta, zentzu horretan, ahal dugun heinean eta gure indar guztiarekin, lan hori egiten jarraituko dugula. Eta herri honek behar duen marko demokratiko hori eraikitzeko gure konpromisoa mantentzen dugula.

Lan politiko hori egiten jarraitzeagatik kartzelara joateko arriskuan ikusten duzu zure burua?

Bai. Gerta daiteke. Mezu hori oso oso garbi igorri digute: «Zuen proiektua lantzen jarraitzen baduzue, zuei eraso egiten jarraituko dugu». Hori da eman nahi diguten mezua eta arrisku hori hor dago. Baina nik esan nahi dut herritarren aurrean hartutako konpromisoa betetzen jarraituko dudala ahal dudan neurrian behintzat. Eta Euskal Herriaren alde, nazio eraikuntzaren alde lan egiteko borondate garbia ere badaukat, iruditzen zaidalako, erasoak eraso, konponbide batetara iristeko eta bake egoera batetara iristeko bide bakarra hori dela.

Alderdi sozialistak iragarri du EAE-ANVko ordezkariak alkatetzetatik kentzeko zentsura mozioak aurkeztu nahi dituela. Zer espero duzu?

Saiatuko dira gu alkatetzetatik kentzen. Hori ez da berria. Lehen ere saiatu ziren eta EAJk ere mozio etiko delako horien alde egin zuen. Gure ordezkaritza demokratikoa galarazi nahian dabil alderdi sozialista. Galdetu nahi dugun, ordea, ea beste alderdiak prest dauden horretarako, edo benetan konponbidera hurbilduko gaituen bidea hartzeko prest dauden. Pentsatu beharko genuke nola egin harresi demokratiko bat eraso antidemokratiko hauek guztiak geratzeko. Kontua da azken urte eta erdian izandako jarrerek erakusten dutela gainontzekoek egoera hauen ondorioak aprobetxatzen dituztela. Horri buelta eman behar zaio.

Laster izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EE eta EAJ lehendakaritza lortzeko lehian daude. Bestalde, ez dago argi ezker abertzaleak lege barruan aurkezteko aukera izango duen. Zer gertatuko dela uste duzu?

Ni gehien kezkatzen nauena da bai EAJren aldetik eta bai PSE-EEren aldetik ematen ari diren mezuak. Legez kanporatzea hauteskundeetan erabiltzea aurpegiratzen diote elkarri eta halakoekin arreta desbideratu nahi dute. Hemen dagoen arazo nagusia ez baita lehendakaria Ibarretxe edo Patxi Lopez izango den, baizik eta hauteskunde demokratiko batzuk egiterik izango den edo ez. Horrek izan behar luke lehentasuna: alderdi politiko guztiak hauteskundeetan egon daitezela ahalbidetzeko elkarlana adostea.

Egoera honetan, nola begiratzen diozu etorkizunari?

Eraso gogorrak jasaten ari da gure herria eta epe motzera argibidea ikustea ez da erraza. Hala ere, uste dut sakonera begiratu behar dela. Estatutuak eta Konstituzioak Euskal Herria Espainian txertatzea lortu beharrean, dinamika hori gainditzea lortu da. Esparru demokratiko baten beharra gizartean barneratu da eta erabaki eskubidearen aldeko jarrera gero eta handiagoa da. Eta epe ertain batean, lan politiko ausartak egiten baditugu eta nazio eraikuntzan aurreratzen badugu, lehenxeago edo geroxeago aldaketa politikoa etorriko da.