Argazkilaritza ikastaroa antolatu dute 12-16 urteko gazteentzat

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 8a, 11:09

Udaleko Gazteria eta Ingurumen Sailak antolatu du Azpeitiko Argazki Elkartearekin batera

Gaurtik (irailak 8, astelehena) aurrera, GIB eta herriko bi ludotekak ohiko ordutegian zabalduko dituzte

Argazkilaritzaren alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuko dituen ikastaroa antolatu duUdaleko Gazteria eta Ingurumen Sailak, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean.

Irailaren 12an hasi eta 27a bitartean, hiru astebukaeratan emango dute ikastaroa, honako ordutegiarekin: ostiraletan, 17:30etik 19:30era, eta larunbatean, 10:00etatik 13:00etara. Gazteek alderdi teorikoa landuko dute ostiraletan, eta hurrengo egunean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute.

Doako ikastaroan izena emateko epea datorren hilaren 11n bukatuko da eta interesa dutenek Gazte Informazio Bulegora jo beharko dute.

Hainbat zerbitzu abiatuko da

Udako oporraldia bukatuta, Gazte Informazio Bulegoa (GIB) eta herriko bi ludotekak (Iturritxiki eta Txiki Txoko) zabalik izango dira gaurtik (astelehena) aurrera.

Irailaren 8tik aurrera GIB goizetan eta arratsaldetan zabalik izango da, Plaza Txikian. Ludotekek, berriz, 17:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte beraien ateak.