Jose Mari Etxeberria: "Saninazioetako egunek Filosofia ikasten zen garaia gogorarazten didate"

Ihintza Agirretxe (Berria) 2008ko uzt. 29a, 12:07
Jose Mari Etxeberria, Loiolako jesulagunen burua, Loiolan bertan. (Ihintza Agirretxe)

Loiolako jesulagunen burua da urrestildarra, eta han San Inaziorekin bizitzeak ardura edo eginbeharra sortzen duela adierazi du

Gazte gehiago ikusi nahiko lituzkeela dio

Jose Mari Etxeberriak (Urrestilla, 1941) bi urte daramatza Loiolako erretore lanetan. Baina aurretik ere ongi ezagutzen zituen hemengo espiritua eta martxa, Loiolan bertan egin baitzituen Filosofia ikasketak. Egun hauek oso bereziak izaten dira Loiolan, Loiolako Inazio jesulagunen lagundiaren fundatzailea izan baitzen.

Saninazioak Loiolako Inazioren omenezko festak dira. Beraz, zuentzat bereziak. San Inazio egunaren aurretik bederatziurrena egiten duzue. Noiz hasten zarete prestaketa lanetan?

Saninazio festen antolaketaren lehen pausoa bederatziurrena izaten da. Garrantzi handikoa da guretzat bederatziurren hori ongi prestatzea. Eta San Inazio eguna ondo eta txukun egindako bederatziurren baten bukaera izaten da. Bederatzi egun horietan, egun bakoitzak nolako nortasuna izango duen eta egun bakoitzean zein gai landuko den aukeratzen ditugu lehenik. Bederatziurrena nork zuzenduko duten edo bakar batek zuzenduko duen ere zehazten dugu. Eta orduan hasten gara San Inazio eguneko festan zein koru izango dugun eta nondik nora joango den festa antolatzen.

Hori guztia antolatu eta prestatzeko, festak baino askoz lehenago hasi beharko duzue dena pentsatzen.

Bai, Gabonen ondoren hasten gara nondik norakoak ikusten. Prestaketa lanetan komunitate osoa sartzen da. Lehenengo aurreko urtekoa nola joan zen, jendeak zer esan zuen eta zer gauza berri sartu beharko genituzkeen pentsatzen hasten gara. Gero, baditugu basilikako gauzetan laguntzen diguten hemen inguruko hogei bat laiko. Haiek irakurgaiak egiten dituzte jaietarako eta festetarako, abestiak ere prestatzen dituzte. Denek hartzen dute parte prestaketan, eta denekin egiten dira batzarrak.

Zuentzat bereziak izango dira egun horiek.

Oso bereziak dira. Berezitasuna kanpokoek ematen digute askotan. Munduan hogei bat mila jesulagun gaude, eta Loiolara begira daude beti, Loiolan sortu zelako gure fundatzailea, eta Loiolan ikusten baitute oso berezia den espiritualtasun hori hazten. Nola opor garaia den oraingo hau, eta guk 150 unibertsitate ditugun mundu guztian, hor inguruan dabiltzan jesulagun asko etortzen dira, eta San Inazio egunean hemendik asko pasatzen dira.

Beraz, saninazioetan etxea betetzen zaizue.

Hemen Filosofia ikasten zen garaian 200 lagun inguru izaten ginen; gehienak gazteak, gainera. Orduan etxe gaztea, indartsua zen. Eta saninazioetako egun horiek garai hura gogorarazten didate niri behintzat.

Eta, herriko beste etxe askotan bezala, janaria ere zertxobait berezia izaten al da zuenean?

Bai, sukaldean ere saiatzen dira gauza bereziak eta goxoak prestatzen. Hemen ia guztiak euskaldunak gara, eta badaukagu ongi jan eta edateko zera hori, Arantzazuko fraideek bezala. San Inazio ere hemengoa zen, eta ziur berak ere ospatuko zuela. Ez saninazioak, baina, historiak dioenez, karnabalak ongi ospatzen zituen.

Juan Maria Uriarte gotzaina ere etortzen da.

Saninazio bigarrengoz etortzeaz gain, gehiagotan ere etortzen da. Orain gutxi ere hemen izan zen, bi jesulagun gazte apaiz egin zirelako. Ospakizun berezietarako hots egiten diogu eta etortzen da. Baina urtero hutsik egin gabe etortzen den egun bakarra saninazio bigarrengoa da.

Eta meza ematen du.

Etorri eta bere homilian gaur egungo egoeraren bere ikuspegia azaltzen du. Esaten dituenak benetan garrantzitsuak izaten dira guretzat. Gure festaren zati bat hori da: gotzainak ea zer esaten duen. Hark esango duenaren zain egoten gara. Hemen egunkari asko hartzen ditugu, eta egun horietan festez zer esaten den eta gotzainak esan duenari buruz egunkariek zer idatzi duten aztertzen dugu goizean goizetik. Egun horietan kafea hartzen dugun lekuan goizeko zortzietarako egunkari guztiak han izaten dira mahai gainean, eta goizetik aztertzen ditugu egunkariak.

Hurrengo egunetan ere iritziak trukatzeko izaten al dira?

Denok lan asko egin behar izaten dugun bederatziurrena eta San Inazio eguna antolatzeko eta hona etortzen diren familiarteko eta bisitariei harrera ona egiteko. Eta abuztuaren bata pasatzean halako bake eta isiltasun bat sortzen da. Gainera, egun horretan oporrak hasten zaizkigu eta hemen bizi garenon erdiak Getarian jesulagunek dugun etxe batera joan ohi dira.

Kanpoko jende asko etortzen dela esan duzu, baina herrikoak izan eta misioetan kanpoan direnak edo beste nonbait bizi diren jesulagunak ere egun berezi horietan hemen izaten al dira?

Misioetan daudenak bost urtetik behin edo, gero eta gehiago, urtero etorri ohi dira. Asko etortzen dira, eta San Inazio eguneko eukaristian aurre-aurrean jartzen ditugu azpeitiarrak. Gehienbat Venezuelatik etortzen dira, orain herrialde hori baitugu misioetarako hartuta. Baina Indiatik, Txinatik, Erromatik ere etortzen dira. Eta gustura etortzen dira. Mutil koskorretan hemen ikasi zuten azpeitiar jesulagunak gustura ikusten dute gaur egungo Loiola. Askok egun batzuk hemen pasatzen dituzte, gainera.

Zer da Loiolako Inazio Loiolan bizi den jesulagun azpeitiar batentzat?

Zeure erlijioso zatirik aspaldikoena da. Txiki-txikitatik jesulaguna izateko gogoa izanda, eta hori lortuta, egunero-egunero zure gogo hori gogorarazten dizuna da. Barruan bultzada bat sortzen dizu. Jesusen lagundiaren ideia eta indarra Loiolan sortu ziren, eta dena Loiolari begira egin zen. Orain Loiolan San Inaziorekin bizitzeak horrelako ardura edo eginbehar bat sortzen du. Jesusen lagundia mundu osoan zabaldutako gorputz bat da, eta hemendik hori guztia begiratzea begirada sakon bat egitea da, fundazioarekin zerikusia duen begirada bat da. Eta txukundu eta sakondu egiten duzu, zure espiritualtasuna eta zure jesulagun izatea. Eta horretarako asko laguntzen du San Inazio sentitzeak.

Nola sentitzen duzu?

San Inaziok gazte gehiago nahiko lituzke hemen. Orain gazteak ez daude Loiolan; beste leku batzuetan daude. Beraz, hemen San Inazio zaharrarekin bizi gara. Hark ere zahartu zenean bera hiltzera zihoala ikusten zuen, baina Jesusen Lagundia zabalduta zegoela, eta horrelako zerbait ere badugu hemen. Loiola ilunduta daukagu, argi gehiegi ez gastatzeko, eta iluntasun horretan San Inazio zahar samarrarekin bizi gara. Baina hau berritzeko eskaera egiten dugu. Kanpora begiratzen dugu berarekin batera, eta hau sortu eta fundatu zueneko indarrak oraindik hemen jarraitzen du.

Hemen Filosofia ikasten izan zinenean oso bestelakoak izango ziren egun hauek.

Orduan beltzez jantzitako askoz ere jesulagun gehiago ibiltzen zen hemen bueltaka, gazteak ere askoz gehiago izaten ziren, eta beste era bateko festak eta beste era bateko Loiola ziren. Kanpoko gizartean ere orain besteko askatasunik ez zegoen, eta meza nagusia eta beste ekitaldiren bat edo beste besterik ez zen izaten. Garai hartan jesulagunak hemen barruan, ez ilunpean, baina bai isilik ibiltzen ziren. Isiltasuna eta ordena oso garrantzitsuak ziren. Denak batera jaikitzeak eta otoitzak batera egiteak... orain aldean garrantzi handia zuten. Hemen hori guztia zeharo aldatu da.

Lehen hemengo elizkizunei askoz arreta handiagoa jartzen zitzaien. Gaur egun, Loiolara Ibarretxe eta gotzaina etortzen direlako bakarrik begiratzen da.

Bai. Orduan ez zen horrelako inor etortzen. Orduan jesulagun pila bat biltzen ginen eta guri begiratzen ziguten. Gaur egun ez digute guri begiratzen, Ibarretxeri begiratzen diote. Arruperen garaitik hasi ziren jesulagunak harro samarrak ginela eta xumeago egin behar genuela esaten. Eta justiziaren alde gogor lan egiten hasi ginen. Beraz, kolore xumeagoa hartu dugu, baina ari gara lanean. Orain Loiola zahar eta xume honek badu bere garrantzia, Jesusen Lagundia umildu eta gizartean sartu delako. Eta garrantzi handia dutelako justiziaren alde isilik lanean ari direnek. Baina horrelakoetan jende handi horiei begiratzen zaie.

Azken urtean Loiola famatu egin da, baina ez eliza edo jesulagunen inguruko ezergatik, hemen izandako elkarrizketa politikoengatik baizik. Aurten jende gehiagok begira dezake egun hauetan?

Aipatu gaituzte; Loiolako batzarrak, Loiolako paperak... Horretan guztian, nire iritziz, Loiolak ongi irten duela uste dut. Irudi baikorra izan dugula uste dut, eta hor gaude gauden lekuan. Eta Loiolara hori dela-eta ere jendea etorriko zen, eta etorriko da. Loiolari beste dimentsio bat eman dio horrek. Gure konstituzioetan dator haserretuta bizi direnak elkartzea eta adiskidetzea; hori gure espiritualtasunean helburu nagusietako bat da eta alde horretatik Loiolak egin duena aitortua izan da, eta hori ona da.