Aireko kutsadura %42an jaitsi zen aurreko urtean Azpeitian

Uztarria.eus 2008ko uzt. 23a, 13:07
Trafikoa "kutsadura eragile garrantzitsua" da, Zeziagaren esanetan.

Haurtzaroa eta ingurumena azterketaren baitan jasotako emaitza da

Jaitsieraren "eragile nagusiena" Azkoitiko fundizioaren itxiera dela jakinarazi dute

‘Haurtzaroa eta ingurumena’ proiektuaren baitan egindako azterketaren arabera, aireko kutsadura %42an jaitsi zen aurreko urtean Azpeitian 2006ko datuekin alderatuta. Azpeitiko udaleko arduradunen esanetan, "Azkoitiko fundizioaren itxiera izan da jaitsiera horren eragile nagusia".

Egindako azterketaren helburua da, elementu kutsatzaileen aurreko esposizioak fetuaren eta haurraren, hazkuntzan, osasunean eta garapenean zer eragin duen neurtzea. Izaskun Zeziaga Udaleko ingurumen teknikariak azaldu duenez, 2,5 tamainako partikula kutsatzaileak aztertu dituzte. "Legeak 10 tamainako partikulak neurtzen ditu, baina azterketa honek partikula txikiagoak ere jaso ditu, organismoan sartzen direnak horiek direlako". Dena dela, Zeziagaren arabera, aurreikusita dago 2015ean indarrean sartuko den legearekin partikula txiki horiek neurtzen hastea.

Aurreko urteko uztailean jarri zuten PM 2,5 partikula txikien neurgailua Azpeitian. Zeziagaren esanetan, 2020rako helburua partikula horien baitako indizea ez gainditzea izango da, oro har. "Guk ez genuke arazorik eduki behar, azterketek erakutsi baitute dagoeneko mugen barruan gaudela".

Aurreko urteetatik hobera

Azken azterketak, Azpeitian airearen kalitateak hobera egin duela erakutsi du. Hala ere, duela hiru urte legez jarritako mugak gainditzeagatik herri kutsatzaileen zerrenda beltzean egon zen Azpeitia. Zeziagak emandako datuen arabera, 2005ean 47 aldiz gainditu zen PM 10 irizpidearen baitako muga eta berez, 35 egunetan gainditu zitekeen, gehienez. Iaz, ordea, zazpi alditan bakarrik gainditu zen muga hori. "2005a urte txarra izan zen eguraldiari dagokionez eta, gainera, institutu berriaren obrek eragina izan zuten, neurgailua eremu horretan dagoelako".

Hartutako neurriak

Airearen kalitatea hobetze aldera Udaletik hartutako neurriak nabarmendu zituen Zeziagak bide batez. Trafikoa kutsadura eragile garrantzitsua dela kontuan hartuta, industrialdeetara joateko garraioa azaldu du, batetik. Ildo beretik, herriko fundizio txiki batean kaptadorea eta filtroa jartzea egongo litzateke bestetik.