23 sagardogile izango dira Santiyo egunean

Uztarria.eus 2008ko uzt. 22a, 13:07
Añota sagardotegian egin zuten aurtengo Sagardo Lehiaketako aurkezpena.

Aurten, sagardogileen elkarteak eskatuta, hiru irizpideren arabera banatuta baloratuko dute sagardoaren kalitatea

Sagarra berandu iritsi bada ere, "sagardo polita" atera dela esan dute

.23 sagardogile izango dira Santiyo egunean, hilak 25, plazan egingo den Sagardo Lehiaketan. Aurtengoa XXXVI. edizioa da eta urteroko ohiturei jarraituz, aurten ere, hutsik egin gabe 12:00etan emango zaio hasiera. Atzo, astelehena, aurkeztu zuten ostiralean egingo den lehiaketa, Añota sagardotegiko upel artean eman zituzten azalpenak antolatzaileek.

Denera, 23 sagardogile izango dira aurten Azpeitian. Bakoitzak 10na kaxa ekarriko ditu, ia 3.000 sagardo botila denen artean. Txapelketa hastean, epai-mahaiak 23 sagardoak dastatuko ditu, aurreneko bueltan. Hor 10-12 batek egingo dute aurrera eta bigarren bueltan egingo dute azkeneko epaiketa. Lehiaketa ofizialaz gain, ordea, herritarrek ere sagardo onenari botoa emateko aukera izango dute. Herriko elkarte ezberdinetako bina ordezkarik, herritarren izenean, aukeratuko dute beraien ustezko sagardo onena.

Zaporea, usaina eta kolorea

Aurten, sagardogileen elkarteak eskatuta, hiru irizpideren arabera banatuta baloratuko dute sagardoaren kalitatea. "Sagardogileen elkartekoekin bildu gara herri ezberdinetako sagardozaleak eta sagardoaren kalitateaz irizpide bertsuak adostu ditugu Euskal Herri mailarako eta Gipuzkoarako batik bat", azaldu dute Añotan bildutakoek. Horrenbestez, hiru irizpideren arabera baloratuko dute sagardoaren kalitatea: zaporeak bost puntu balioko ditu, usainak hiru puntu izango ditu gehienez eta koloreari, asko jota, bi puntu emango dizkiote.

Landeta, Loiolatxo eta Goikabi elkarteek antolatu dute aurtengo sagardo ekimena eta honako elkarteak izan dituzte laguntzaile: Zokoa, Iturri, Izarraizpe, Oilosoro, Lagun Onak M.B. Loiolatxo eta Landeta. Aurretik egindako lanaz gain, ordea, egunean bertan ere 50-60 lagun behar izaten direla azaldu dute antolatzaileek eta, beraz, boluntarioak ongietorriak izango direla gaineratu dute.

Sagardoarekin batera txekorra eta hegaluzea

Sagardoa hobeto dastatzeko, bezperan prestatzen hasitako txekor errea eta hegaluzea banatuko dituzte plazara hurbiltzen diren herritarren artean. Txekorraren pintxoak eta baita hegaluzearenak ere euro bana balioko dute.

Berandu baina sagardo polita

Añotako sagardogilearen arabera, udaberria hotza izan delako kosta egin zaio sagarrari etortzea. "Hala ere, behin iritsi denean sagardo sekoa baina aldi berean polita eman du", esan du.

Agerraldian parte hartu duten udal ordezkariek ere dei egin diete herritarrei eta baita kanpotarrei ere Santiyo eguneko ekimenetan parte-hartzeko. Iñaki Errazkin alkatearen arabera, "Santiyo eguna berezia izaten da herritarrentzako eta sagardoaz aparte, bertako produktuak promozionatzeko aukera ere ematen du". "Eskerrak" eman dizkie ekimena antolatzen aritu direnei eta herritarrei dei egin die ekitaldietan parte-hartzeko, "neurria hartuta beti ere".