Loiolan Arrupez, aide librean

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 7a, 11:07
Bilboko Euskaldunan iaz estreinatu zuten Pedro Arrupe jesulagunaren inguruko ikuskizuna.

San Inazio Egunez, hilaren 31n, Gontzal Mendibil musikariak osatu duen formatu handiko Arrupe, nire isiltasun hau ikuskizun musikala taularatuko dute

Loiolako santutegiaren aurrean izango da emanaldia

San Inazio Egunez, hilaren 31n, Loiolako santutegiaren aurrean eta aire zabalean ikuskizun erraldoia taularatuko dute, 22:00etan. Arrupe, nire isiltasun hau izena du ikuskizun musikalak. Gontzal Mendibilen ideia da eta berak abesten du. Partaideen artean, berriz, Donostiako Orfeoia, Ludvig Orkestra Sinfonikoa, Igor Yebra dantzaria, Gauedamus Eskolania, Beti Jai Alai Dantza taldea eta 90 antzezle izango dira.

Arrupe, nire isiltasun hau ikuskizuna iaz, azaroaren 14an, estreinatu zuten Bilboko Euskalduna jauregian, Pedro Arrupe jesulagunaren jaiotzaren mendeurreneko ekitaldien baitan.

Estreinaldian, ikuskizunak "itzelezko arrakasta" izan zuela diote antolatzaileek, "Euskalduna jauregia leporaino bete zen eta sarrera guztiak berehala agortu ziren".

Hilaren 31n, Loiolako ikuskizunean parte hartuko dutenak, Euskalduna jauregiko estreinaldiko kide berak izango direla adierazi dute antolatzaileek.

Muntaia erraldoia eta formatu handiko ikuskizuna da: "Hasierako asmoetatik haratago doa. Hori dela-eta, baldintza teknikoak eta artistikoak gune edota espazio berezia eskatzen dute, produkzio aldetik batez ere". Loiolan, santutegi aurrean muntatuko dute oholtza.