"Festetan freskotasuna bilatu nahian", Bakailao Txapelketa

Uztarria.eus 2008ko uzt. 5a, 17:07
Atzo, ostirala, aurkeztu zuten Bakailao Txapelketa Ziripot soziedadean.

Hainbat herritarrek antolatu dute, "festetan herritarren parte-hartzea bultzatzeko"

Saninazioen baitan, abuztuaren 1ean izango da lehiaketa gastronomikoa eta herriko plazan egingo dute

Hainbat herritarren ekimenetik abiatuta, elkarteen arteko Bakailao Txapelketa izango da aurtengo saninazioetan. Abuztuaren 1ean izango da lehiaketa gastronomikoa eta herriko plazan egingo dute. Atzo, ostirala, aurkeztu zuten txapelketa Ziripot soziedadean eta herriko elkarte eta norbanakoez gain, Udaleko ordezkariak izan ziren agerraldian, Azpeitiko Udalak ere bat egin duelako ekimenarekin.

"Herriko festetan berrikuntza eta freskotasun falta" sumatu ondoren ekin zioten herriko elkarte gastronomiko, eragile eta zenbait norbanakok txapelketa antolatzeari. Azaldu dutenez, "herritarron parte-hartzea bultzatzen duten ekimenen hutsunea bete nahian antolatu dugu".

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Azpeitiko edozein herritarrek parte hartu dezake txapelketan: "Bai maila pertsonalean nahiz talde edo elkarte baten izenean baina bi edo hiru laguneko taldeak osatzea bultzatzea nahiko genuke". Sukaldari profesionalek, ordea, ezingo dute parte hartu; "txapelketa herrikoi bat bultzatu nahi delako", argudiatu dute.

Antolatzaileek sua eta mahaiak jarriko dituzte bakailaoa prestatu ahal izateko. Sukaldeko ontziak, ordea, norberak eraman beharko ditu. Osagaiei dagokionez, berriz, antolatzaileek bakailaoa, baratxuria eta olioa jarriko dituzte. Horrekin "guztiek kalitate bereko osagaiak izatea" ziurtatu nahi dute. Hala ere, "norberak aipatutakoez gain beste osagairen bat bota nahiko balio berak ekarri beharko du".

Partaideek bakailaoarekin 12 jateko edo razio prestatu beharko dituzte. Bakailaoak, gainera, pil-pil erara prestatua behar du izan eta ordu bitarte bat izango dute lana bukatzeko: "13:30etik 14:00etara bitartean bukatu beharko dute partaideek bakailaoa". Behin bakoitzak bere bakailaoa prestatuta duenean, jateko bana gorde egingo da gero epai-mahaikoei emateko.

Epai-mahaia sukaldari profesionalek osatuko dute eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, egindako lanaren "aurkezpena eta zaporea" hartuko dira kontutan epaia egiterako garaian. Bi ezaugarri horiekin hobekien asmatzen duenarentzako saria egongo dela azaldu dute, baita hurrengo bientzako ere. "Hala ere, parte-hartzaile guztiek jasoko dute txapelketako oroigarria".

Txapelketa ondoren, bazkaria

Behin txapelketa bukatzean, bazkaria egingo dute herriko plazan eta, besteak beste, prestatutako bakailaoa jango dute. Bazkarirako sarrerak bertan soilik erosi ahal izango dira baina txapelketan parte hartu dutenek "lehentasuna" izango dutela esan dute antolatzaileek. 200 lagunentzako bazkaria izango da.

Izen-ematea udaletxean

Txapelketan izena eman nahi dutenentzako honako argibideak eman dituzte: "Parte hartu nahi duenak Azpeitiko udaletxeko idazkaritzara joan eta bertan izena emateko fitxa bete besterik ez du egin behar. Behin izena emandakoan, antolatzaileok harremanetan jarriko gara zuzenean".