Jesus Giberten etxea miatu du Guardia Zibilak, Garzonek aginduta

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 2a, 18:07

ETAren "zerga iraultzailea" ordaindu duelakoen miatu dute enpresaburu azpeitiarraren Donostiako etxea

Gibert 1983an bahitu egin zuten Komando Autonomo Antikapitalistek

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek aginduta, Guardia Zibilak Jesus Gibert Azkue azpeitiar enpresaburuaren etxea miatu zuen atzo, uztailaren 2an, Donostian, ETAren zerga iraultzailea ordaindu izan duelakoan.

Guardia zibilek arratsaldean bukatu zuten Giberten etxea miatzea, eta enpresaburua libre utzi zuten. Berri agentziek esan zutenez, enpresariaren etxera "zerga iraultzailea" ordaintzeko eskatzen zioten gutunen bila joan ziren guardia zibilak.

Gibertek 81 urte ditu, eta Azpeitian (Gipuzkoa) jaio zen. 1983ko martxoaren 21ean bahitu egin zuten Komando Autonomo Antikapitalistek; Marcial Uzin Azpeitiko enpresako kudeatzailea zen orduan, eta hamazazpi egunera aske utzi zuten.

Jainaga aske utzi dute

Herenegun, Bilbon Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako kontseilari ordezkari atzeman zuen Guardia Zibilak, arrazoi bera leporatuta, hau dam ETAri "zerga iraultzailea" ordaintzea. Jainaga, ordu batzuetara aske utzi zuten, bere etxearen miatu ostean.

Egun osoan izan zuen atxikita Guardia Zibilak. Goizean joan ziren Jainagaren Bilboko etxera, Garzonek aginduta. Hasiera batean miaketaren ondoren enpresaburua atxilotu egin zutela zabaldu zen arren, guardia zibilek ez zutela halakorik egin zehaztu zuten gerora berri agentziek. Miaketak iraun zuen ordu luzeetan Bilboko etxean atxikita izan zutela argitu zuten. Miaketa amaitu eta guardia zibilek etxean bertan galdeketa egin ondoren, aske utzi zuten.

Altzairua ekoizteko hainbat planta ditu Sidenor enpresak Euskal Herrian: Azkoitian, Elgetan, Gasteizen eta Basaurin, hain zuzen ere. 2.250 langile ditu enpresak. Enpresako bozeramaileek, Jainagaren "erabateko zintzotasuna eta profesionaltasuna" nabarmendu zuten eta hari babesa azaldu zioten.

Auzitegi Nazionaleko iturriek esan dutenez, baliteke Baltasar Garzon epaileak hurrengo egunetan deklaratzera deitzea Jesus Gibert eta Jose Antonio Jainaga enpresaburuak.

Bruño ahizpak kartzeleratuta

Ekainaren 12an, Maribel eta Blanca Rosa Bruño Azpirotz ahizpak atxilotu zituen Guardia Zibilak Orion (Gipuzkoa), eta Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali zituen hurrengo egunean, haien enpresa eta etxebizitzak miatu eta deklarazioa hartu ostean. ETAri "euren borondatez" 6.000 euro ordaintzea egotzi zien Garzonek.

"Baten batek geratu beharko"

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzon ETAren "zerga iraultzailea" ordaindu izan dutelakoan enpresari batzuen kontra egiten ari den operazioa salatu egin dute Eusko Jaurlaritzak eta enpresaburuen konfederakundeek.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Enplegu sailburu Joseba Azkarragak esan duenez, "baten batek geratu beharko du Garzon, Estortsioaren biktimak gaizkile balira bezala mespretxuz tratatzen eta politikoki erabiltzen ari delako".

Horri guztia "kezkagarria" dela adierazi zuen atzo Azkarragak. "Lintxamendu morala egiten ari zaie Garzon, eta diskretua izan behar duen prozesuari publizitatea egiten ari zaio".

Cebek-ek (Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioa), atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, "ETAk estortsionatutako enpresariak eta profesionalak biktimak dira eta ez gaizkileak". Estortsioa salatu zuen eta "babesa eta gertutasuna" adierazi zien, "estortsioa jasaten dutenei".

Confebask-ek (Euskal Enpresaburuen Konfederakundea) ere "estortsionatutako enpresaburuentzako babesa eta errespetua" eskatu du. Azpimarratu duenez, "ezin dira inondik inora gaizkile bezala tratatu, estortsionatutako pertsona oro biktima delako".