Mireia Epelde: "Giroan, ihesaldiren batean parte hartzen saiatuko naiz"

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 2a, 12:07
Mireia Epelde txirrindulari profesionala.

Mireia Epelde txirrindulariak Euskalduna Torneoa bigarren lekuan bukatu berri du

Ostiralean Italiara doa, Emakumeen Giroan parte hartuko duelako

Mireia Epelde Bizkaia Durango taldeko txirrindulari profesionala martxoaren 8tik lasterketetan murgilduta dabil, ia atsedenik hartu gabe. Euskalduna Torneoa bigarren lekuan bukatu du, eta etzi Italiara doa Giroan parte hartzera. 'Urola Kostako Hitza'-k entrenamendu baten bukaeran harrapatu du Epelde.

Joan den asteburuan Euskalduna Torneoa bigarren bukatu zenuen, torneo horretako bi lasterketa irabazita.

Orain bi asteburu bi lasterketa izan genituen: bata larunbatean Tafallan eta bestea igandean Zizurkilen. Tafallan irabazi egin nuen, eta Zirurkilen bigarren izan nintzen. Joan den igandean, Torneoko azken proba izan genuen Loiun, eta irabazi egin nuen. Probetako emaitzei esker Torneoan bigarren gelditu naiz. Beste lasterketa batzuk ere izan dira, baina Suitzan Munduko Kopako proban parte hartu genuen, eta ezin izan genuen lasterketa horietan irten, ezta puntuak pilatu ere.

Martxoan hasi zenuten denboraldia. Zer moduz doa?

Martxoaren 8an hasi genuen denboraldia eta Italiara joan ginen, lasterketa bat korritzera eta denboraldiari heltzeko erritmoa hartzeko. Gero, Belgikara joan ginen beste lasterketa batetara. Horiek ez dira Munduko Kopan sartzen, baina garrantzitsuak dira denboraldia prestatzen joateko. Gero, Italian Munduko Kopako lasterketa bat korritu genuen eta hortik aurrera Suitzan, Luxenburgon, Holandan, Belgikan... lasterketetan parte hartu dugu.

Zer moduz joan zaizkizu Munduko Kopako lasterketak?

Ondo joan zaizkit. Baina, apirilaren hasieran Holandako lasterketa batean erori egin nintzen, eta belaunean kolpea hartu nuen. Lesio horren ondorioz ezin izan nuen gero nahi bezala entrenatu eta korritu, baina hala ere nahiko ondo moldatu gara, eta gustura nago.

Munduko Kopako lasterketen ondoren, etxetik gertu korritu duzu. Zer moduz?

Suitzan egonda gero, ekainaren 1ean Murtzian (Espainia) Espainiako Kopako lasterketa izan genuen. Taldeko bat geneukan lider, Arantzazu Azpiroz, eta berak irabaztea komeni zen. Orain, Girora joanda, Espainiako Kopako proba bat edo beste galdu egingo dugu, eta komeni zen lidertzari eusteko Murtziakoan puntuatzea. Azknean, irabazi egin genuen. Gero, ekainean Emakumeen Bira korritu dugu Euskal Herrian, eta gure taldea nahiko ondo ibili da. Egindako lanarekin gustura nago.

Ostiralean Girora zoaz, nola ikusten duzu zeure burua?

Larunbatean erlojupeko proba izango dugu. Gero, lehenengo hiru etapak lauan dira; laugarrena mendikoa da; bosgarrena kronoa da; eta zazpigarrena mendikoa. Uste dut nahiko gogorra egingo zaigula. Mendikoak nahiko etapa gogorrak dira; biak goian bukatzen dira. Iaz baino gogorragoak dira eta, kilometrajea kontuan hartuta, iaz baino pixka bat luzeagoak. Prologoak eta zortzi etapak osatzen dute Giroa. Larunbatean hasi eta hilaren 13an bukatuko da. Ea zer moduz egiten dugun.

Beraz, emakumeen Giroa gizonezkoen Tourraren itzalpean korritu beharko duzue, hori ere larunbatean hasiko delako.

Bai... Azkenean uste dut ohitu egin garela gutaz ezer ez esatera; gaizki esanda dago hori baina... Ez baldin bada ezer txarrik gertatzen edo ezer oso onik pasatzen, ez da gure lanaz askorik entzuten. Galdetzen digute: nesken Giroa existitzen al da ba? Noski baietz, urte askoan egiten den lasterketa da eta urtero-urtero lehian hainbat txirrindulari aritzen da bertan. Gu saiatuko gara zerbait egiten, eta ea pixka bat argitara ateratzen al garen.

Zuk zeuk Giroan zerbait egiteko aukerarik ikusten al duzu?

Niretzako etapa onak hasierako hirurak izango dira; gainera, sasoia hartzeko ere onak dira. Lauan dira, eta niri hobeto datozkit. Mendiko etapak, berriz, iazkoak baino dezente gogorragoak dira eta saiatuko naiz ahalik eta ondoen aguantatzen. Hain mendikoak ez direnetan, edo niri hobeto etortzen zaizkidanetan, saiatuko naiz ihesaldiren batean parte hartzen edo ihesaldiak sortzen. Kamiseta behintzat ikus dadila, hor gaudela jakin dezatela, eta ea zerbait egiteko modua dugun. Gerra pixka bat ematen saiatuko gara.

Iaz izan zinen aurrenekoz Giroan eta aurten behintzat badakizu zer den, ezta?

Bai, iaz pixka bat ezjakinean joan nintzen. Ez nekien gorputzak nola erantzungo zidan, eta hainbeste egunean nola moldatuko nintzen. Gogorra egin zitzaidan, baina bukatu egin nuen. Aurten badakit zer den, abantaila hori badut.

Giroa bukatu ondoren, nahiko segidan Tourrera...

Iaz, Giroa eta Tourra biak egin nituen, eta biak oso segidan izaten dira. Hilaren 13an bukatuko dugu Giroa, gero hamabost egun ditugu errekuperatzeko eta ondoren Tourra dugu, abuztuan. Denboraldia martxoan hasi genuen eta lehiaketako egunak gehitzen doaz. Aurten txirrindulari gutxi gaude aukeran eta proba guztiak korritu behar izan ditugu; azkenean nekea ere antzematen goaz. Geure onera etortzeko, dauzkagun atsedenerako egun gutxi horiek hartuko ditugu Tourrari heltzeko. Ea aurten ere lan on bat egiten dugun.

Beraz, luzea eta gogorra denboraldia, ezta?

Bai, bai. Atseden hartzeko ditugun egunak aprobetxatu behar ditugu. Giroa bukatu eta pare bat egunetan atseden hartu beharra dago. Olinpiar Jokoak gainean ditugu, eta Girora jendea burua han jarrita dator. Hori antzeman egiten da lasterketetan, jendea askoz indartsuago baitago; lasterketak askoz azkarragoak izaten dira, gogorragoak. Denak hasieratik gerrarako gogoarekin hasten dira, antzematen da Olinpiar Jokoen presioa gainean dutela.