Parekidetasun Sailak ikastaroak proposatzeko epea zabaldu du

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 2a, 12:07

Ikastaroren bat eman nahi duenak, hilaren 18rako egin behar du eskaera Parekidetasun Sailaren bulegoan

Azken urteetan antolatu diren ikastaroen helburuak zeintzuk izan diren ere zehaztu dute

Udaleko Parekidetasun Sailak datorren ikasturtean emakumeei zuzendutako ikastaroak antolatzeko proposamenak egiteko epea zabaldu du: "Emakumeei zuzendutako ikastaroren bat antolatzeko edota emateko interesa dutenek eskaera aurkeztu behar dute hilaren 18a baino lehen, Sindikatu Zaharreko bigarren solairuko bulegoan".

Azken urteetan antolatu diren ikastaroen helburuak zeintzuk izan diren ere zehaztu dute Parekidetasun Sailetik: "Emakumeen gaitasun pertsonala hobetzea eta indartzea, aisialdi edo denbora librerako aukerak eta eskaintzak bermatzea, eta autoestima garatu eta indartzea izan dira Udaletik antolatutako ikastaroen helburuak". Aurreko urteetan antolatu dituzten saioek, "oso harrera ona" izan dutela adierazi dute udaletxetik.

Eskaerak aztertuta, programa

Datorren ikasturterako eskaintza antolatzen hasi dira, eta horregatik ikastaroaren bat eman nahi duenak Parekidetasun Sailera zuzentzeko aukera duela esan dute. Behin eskaerak jasota, Parekidetasun Sailak denak aztertu eta datorren ikasturterako programa osatuko du: "Aukeratutako ikastaroak proposamenak aurkeztu dituztenek eurek emateko aukera izango dute. Udalak ikastaroak emateko moduan dagoen lokal bat utziko die horretarako". Parekidetasun Sailarekin harremanetan jartzeko telefonoa 943 157928 da.