70 lagunek parte hartu dute presoen aldeko Bigarren Boulder Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 30a, 12:06
Larunbatean Gaztetxean presoei elkartasuna adierazteko egin zuten II. Boulder Txapelketa Herrikoiko bi une.

Herriko eskalatzaileek txapelketa egiteko zortzi bloke muntatu dituzte Gaztetxean

Eskalada eginez, presoen eskubideak aldarrikatu ditzute

Euskal Presoak Euskal Harrietara lelotzat hartuta, Bigarren Boulder Txapelketa Herrikoia jokatu zuten larunbatean Gaztetxean. Iaz baino parte-hartzaile gehiago izan zen lehian: 70 lagun aritu ziren lehian atzo eta iaz, berriz, 60.

Goizean goizetik giro ederra zegoen Gaztetxean muntatu dituzten eskaladako zortzi blokeen inguruan. Txapelketan izena emandakoak hainbat mailatan lehiatu ziren. Behe mailakoak eta erdi mailakoak aritu ziren goizean, eta bi maila horietan jarduteko 54 lagunek zuten izena emanda. Iluntzean, berriz, Sateliteen eta goi mailakoen txanda izan zen.

Presoen egoera gogoan

Eskalada eginez, presoen eskubideak aldarrikatu dituzte. Antolatzaileen esanetan, "tamalez, berriro ere urratuak diren presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eta horiek defendatzeko lanean dabiltzanei elkartasuna adierazteko antolatu dugu txapelketa. Euskal presoen eskubideak behin eta berriro, egunero, urratuak dira: gaixotasun sendaezinak dituzten presoez ari gara; zigorra beteta izan eta mendekuagatik kartzelan jarraitzen dutenez; senide eta lagunei sakabanaketarekin eransten zaien zigorraz...".

Presoei elkartasuna adierazteko, parte hartu zuten guztiek Euskal Presoak Euskal Harrietara leloarekin kamiseta jaso zuten opari izena emateko orduan, eta hura jantzita aritu ziren lehian.

Eskaladan ez beste kirol batzuetan ezagun egin diren herritar batzuk ere jardun zuten lehian atzo; besteak beste, Andoni Aranaga txirrindulari profesional ohia eta Josu Manzisidor lasterkaria.