Suaren epelean, festa

uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 20a, 13:06

Oñatz eta Urrestilla auzoetan sanjoanak ospatuko dituzte gaur, ostirala, hasi eta hurrengo astera arte

Astelehenean, San Juan bezperan, piztuko dituzte suak aspaldiko usadioei jarraiki

Gaur, ostirala, hasi eta hurrengo astera bitartean sua izango da protagonista hainbat txokotan. Oñatz eta Urrestilla auzoetan sanjoanak ospatuko dituzte eta suaren epelean, festa egingo dute.

Gaur ekingo diete festei Urrestillan. Pilota jaialdia izango da Txikuri Frontoian Pello Aizpuru urrestildar erremontista omenduko dute. Pilota jaialdian Irujo-Zubieta bikotea Gonzalez-Laskurainen kontra lehiatuko da. 22:15ean hasiko da partida eta ETB-k zuzenean emitituko du. Larunbatean, berriz, beste hainbat ekitaldiren artean, herri krossa egingo dute urrestildarrek. Igandean jubilatuentzako eguna izango da eta astelehena, San Juan bezpera izaki, orduan sartuko dute zuhaitza Urrestillan hainbat urtean egin izan duten bezala. Gauerdiarekin batera piztuko dute sua. Festa, hala ere, ostegunera arte luzatuko dute. Egun horretan egingo dute zuhaitzaren entierroa.

Oñatz auzoan ere aspalditik ospatzen dituzte sanjoanak eta aurten ere hutsik egin gabe, hainbat ekitaldi antolatu dituzte auzotarrek. Lagun arteko afaria, bertsolariak, herri kirolak eta erromeria ez dira faltako Oñatzen.

Azpeitiko plazan ere sua

Aurten ere Azpeitiko plazan erromeria giroko ikuskizuna antolatu dute astelehenerako. Jendea girotzeko, 19:00etan hasita txotxa egingo dute plazan. Ondoren, kalejira eta erromeria izango dira suaren inguruan.

Herritarrak dantza egitera gonbidatu ditu Udalak eta jakinarazi du hainbat begirale izango direla bertan, pausoen azalpenak garbi emateko.

Mikel Aizpuru: "Festa herrikoiak dira, desberdinak, baina xarma dute"

Urrestillako Jai Batzordekoek festei hasiera emateko dena prest dute dagoeneko; hala dio Mikel Aizpuru (Urrestilla, 1985) batzordeko kideak.

Noiz hasten zarete sanjoanak antolatzen?

Martxoaren bukaera aldera hasten gara batzordekoak biltzen. Aurreko urteko festetako egitaraua hartzen dugu oinarri bezala, eta zer ekitaldi berri gehitu dezakegun pentsatzen hasten gara.

Aurten zer berrikuntza dago Urrestillako sanjoanetan?

Hilaren 26an, tortilla patata lehiaketa antolatu dugu. Etxean eginda eraman beharko da tortilla, eta gero, dastatzeko aitzakian, afarimerienda egingo dugu. Herrian bertan bizi direnak ekitaldian parte hartzea nahi dugu. Herrian etxe berri asko egin da, eta jende asko etorri da Azpeititik, Azkoititik... hoiek herriko saltsatan bustitzea nahi dugu, askok lo besterik ez baitute egiten, eta herrian antolatzen diren ekitaldietan eta parte har dezaten da gure nahia.

Festetan lan asko egin behar izaten al duzue Batzordekoek?

Lana egin behar izaten da, baina batzuetan, astegunean badira festak, lanera joan behar izaten dugu eta herriko jendea beti egoten da laguntzeko prest. Badaude ekitaldi batzuk lan gehiago ematen dutenak beste batzuk baino, herri afaria esaterako.

Festetako egitaraua prestatzeko orduan zein da Batzordearen helburua?

Jendeak parte hartzeko festak egitea da helburua. Azpeitiko Udalak diru kopuru bat ematen du festetarako, eta gero Gabon eskean-eta irteten dugu, beste pixka bat lortzeko. Aurrekontu mugatua daukagu eta horren araberako festak antolatu behar izaten ditugu. Gu, beti ere, festa onak antolatzen saiatzen gara.

Kanpoko jendea nola animatuko zenuke Urrestillako sanjoanetara joateko?

Festa herrikoiak dira, desberdinak, baina bere xarma dutenak. Giro ona egoten da sanjoanetan eta etortzeko esango nieke, ondo pasatuko dutela eta. Gurasoek kontatzen dute, garai batean, ez dakit noraino autoak aparkatuta egoten zirela, Azpeititik jendea oinez etortzen zela sanjoanetara...