Sanjuandegiko festei agur, hurrengo urtera arte

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko eka. 9a, 14:06
Goiko argazkian, plazan egin zuten herri bakzaria. Bigarrenean, haurrak puzgarrietan. Hirugarrenean, zilindrada handiko motoen erakusketa. Laugarrenean, herri bazkariko sukaldarietako bat paella prestatzen. Beheko argazkian, kapoe

Eguraldiak lagundu ez duen arren, Sanjuandegiko Udaberri festetan jende ugari bildu da

"Aurten gazte gehiago" animatu dela esan du festen antolaketan ibili den Maialen Orbegozok

Ostiralean hasi ziren ofizialki Sanjuandegiko Udaberri festak eta eguraldiak lagundu ez duen arren, festa giroa izan da nagusi egun hauetan. Denetik izan dute Sanjuandegira joan direnek; kontzertuak, herri bazkaria, haur parkea eta txokolate jana, beste hainbat ekimenen artean.

Gazte gehiago Udaberri festan

Adin guztietako jendea bildu da festetara. Hala ere, antolakuntzan dabilen Maialen Orbegozok esan duenez, aurtengoan Udaberri Jaietara gazte gehiago hurbildu da: "Gazte gehiago animatu da. Nik uste dut txosnengatik, triki poteoagatik, kontzertuengatik eta orokorrean gazteentzat antolatu ditugun ekitaldiengatik izan dela".

Eguraldi nahasia

Eguraldi nahasi samarra izan zuten larunbatean, baina herri bazkarian moto zale eta auzotar ugarik parte hartu zuen. Laino beltzek euria iragartzen bazuten ere, tarteka eguzkia ateratzen zen eta bazkaltzeko garaian festa giroa izan zen nagusi. Gainera, paella "paregabea" zegoela aipatu zuten bertan bildu zirenek. "Zorionak sukaldariari!" adierazi zuen motozale talde batek. Umeek ere izan zuten euren txokoa, puzgarriak, txokolate jana eta txaranga antolatu baitzituzten gaztetxoenentzat. Gau partean berriz, Elvisabuelo eta Ezinean taldeen kontzertuak entzuteko aukera izan zen.

Atzo, igandea, izan zen Udaberri Jaietako azken festa eguna. Sokamuturra, haurrentzako krosa, dantzari txikiak, pottokak eta zezenak eta herri kirolak izan ziren, besteak beste, egunean zehar. Ilunzean, kapoeira saioak eta suzko zezenak agurtu zituen festak, hurrengo urtera arte.