Gazte Informazio Bulegoa Plaza Txikira aldatuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 9a, 12:06
Aloña Larrañaga eta Joana Sanchez gazteriako teknikariak eta Leire Lazkano Udaleko Kultura eta Gazteria zinegotzia, GIBen egoitza berriaren aurrean.

"Gazteengandik gertuago egoteko", herriaren erdigunera ekarri dute egoitza Udaleko Gazteria arduradunek

Asteartean herriko taldeetako gazteekin batzar irekia deitu du Udalak, 20:00etan

Gazte Informazio Bulegoa (GIB) orain arte Zapo Txoko Gaztelekuan egon bada, orain Plaza Txikira ekarriko dute, Udaltzaingoaren egoitza ondora; hilaren 16an izango da hori. "Herriko gazteengandik gertu egoteko" erabaki du Udalak herriaren erdigunera ekartzea. "Lehen dagoen tokian kaletik nahiko urruti gelditzen da. Horregatik, gazteengandik gertuago egoteko, herri erdira ekarri dugu, toki erreferentzial batera", diote udal arduradunek.

Informazio Bulegoa, gazteen inguruko informazioaren bilgunea eta erdigunea izatea nahi dute. "Erakundeetatik datorren informazioa eta gazteen arazoei irtenbidea emateko informazioa ere bildu nahi dugu GIBen. Horretaz gainera, kolore guztietako gazteentzako informazioa bildu nahi dugu. Alegia, Informazio Bulegoa gazteen zerbitzurako tresna bilakatu nahi dugu. Ea denon artean gune eraginkorra eta aktiboa izatea lortzen dugun", azaldu zuen Udaleko Kultura eta Gazteria batzordeburu Leire Lazkanok.

Gazteriako teknikarien eta arduradunaren esanetan, 12-14 urteko gazteen inguruko diagnosia egiten ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera; "gero, azterketa horren arabera hiru urterako egitasmoa egin nahi dugu".

Asteartean bilera gazteekin

Asteartean herriko taldeetako gazteekin batzar irekia deitu du Udalak, 20:00etan, udaletxeko aretoan. "Herriko gazteak bilera horretan parte hartzera deitu nahi ditugu. Gazteekin elkarlanean lan egin nahi dugu, gazteak herri baten etorkizuna direlako, eta herri sortzailea, bizia eta dinamikoa eraiki nahi dugu gazteei zor zaien protagonismoa emanez; gazteria kritikoa, sortzailea, dinamikoa eta anitza nahi dugu".

Gazte Informazio Bulegoa ekainaren 16an zabalduko dute Plaza Txikian. Asteartetan, ostegunetan eta larunbat goizetan 10:00etatik 13:00etara izango da irekita, eta arratsaldez, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era bitartean.