Festa giroan eta etxebizitza eskubidea aldarrikatuz bukatu dute Gazte Astea

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 9a, 12:06
Goiko argazkian, areto futboleko finalak. Behekoan, Berdura Plazan gazteek egin zuten afaria.

Azpeitia Areto futboleko finalekin, triki-poteoarekin eta lagunarteko afariarekin bukatu da Gazte Asanbladaren ekimena

Asteazkenean etxebizitzaren inguruko mahai-ingurua egin zuten Gazte Asanbladakoek. Egungo egoera eta altenatiba posibleak izan zituzten hizpide.

Festa giroan bukatu zen larunbatean, Azpeitiko Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Astea. Arratsaldean, areto futboleko txapelketaren finalak jokatu zituzten, plazan. Ondoren, triki-poteoa egin zuten herriko kaleetan, eta bukatzeko, azoka plazan egindako lagun arteko afariarekin agurtu zuten aurtengo Gazte Astea. Aurtengo ekimenak etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko aprobetxatu dituzte.

Egoera eta alternatibak

Asteazkenean etxebizitzaren inguruko mahai-ingurua egin zuten Gazte Asanbladakoek. Egungo egoera eta altenatiba posibleak izan zituzten hizpide.

Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiei bidali zieten aurrez, eskutitz bidez, mahai-inguruan parte hartzeko gonbitea. Ordezkari bakarra azaldu zen, ordea: IƱaki Errazkin alkatea.

"Etxebizitza arazo bilakatzeko eman diren urratsen inguruko hausnarketa" egitetik abiatu zen mahai-ingurua. "Etxebizitza, eskubide bezala inoiz ez dugu ezagutu" esanez hasi zuen Errazkinek bere solasaldia. Gaur egungo egoeraren sorburu nagusi gisa, 90eko hamarkadako krisiaren ondoren izandako interesen jaitsiera jarri zuen alkateak: "Interesak asko jaitsi ziren eta dirua bankuan irabazirik gabe egon gabe, jendea etxebizitzan inbertitzen hasi zen. Hortik etorri zen etxebizitzaren gaineko espekulazioa".

Etxebizitza hutsen inguruko eztabaida ere jarri zuten mahai gainean. Etxe hutsak erabilgarri bilakatzeko saiakerak egingo dituztela jakinarazi zuen Azpeitiko alkateak. Jarraian okupazioa hartu zuten hizpide. "Etxebizitza beharraren eta arazo multzo horren aurrean" okupazioaren aldeko hautua "zilegia" ikusten duela esan zuen Errazkinek.

Bukatzeko, agertu ez ziren alderdiei kritika egin zieten gazteek eta beraientzako "proposamen edo alternatibarik" ez al duten galdetu zuten. Bestetik, "ontzat" baloratu zuten alkateak agertutako jarrera baina zehaztu zutenez, "hitzetatik haratago egitea da garrantzitsuena".