Udaberri Jaiak ederki girotuta iritsi dira aurtengoan Sanjuandegira

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 6a, 12:06
Lehenengo bi argazkietan, aurreko urteetako festetako irudiak. Behekoan, Alex Silva, Sanjuandegiko Festa Batzordeko kidea.

Gaur, ostirala, botakoko dute festei hasiera emango dien txupinazoa

Ezinean eta Elvisabuelo talde azpeitiarrek kontzertu bana emango dute larunbatean, "herriko jaiak herritarrentzat izatea baita helburua"

Astean zehar hainbat ekimenekin motorrak berotzen joan ondoren, asteburua hurbildu ahala Sanjuandegiko Udaberri Jaiak indarra hartzen hasiko dira gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera.

Sanjuandegiko Festa Batzordeak (SFB) antolatutako hiru egunetako egitarauak beteko du auzokoen festa grina. Izan ere, adin eta gustu guztientzako moduko ekimenak egingo dituzte egunotan. Haurrentzat, esaterako, buruhandiak, pottokak eta zezenak, haur parkea, txokolatada, ipuin kontalaria eta krosa antolatu dituzte; helduentzat era guztietako ekimenak izango dira eta erretiratuek ere izango dute euren lekua Sanjuandegiko festen baitan.

Musika, dantza eta ikuskizuna

Sanjuandegi auzoa den arren, egunotan ekimen indartsuak izango dira bertan. Musikari dagokionez, esaterako, herriko taldeak dira aipagarrienak; Elvisabuelo alde batetik, eta bigarren diskoa kaleratu berri duen Ezinean, bestetik. Izan ere, SFBko kide Alex Silvak adierazi duenez, "herriko jaiak herritarrentzat izatea da helburua" eta, horregatik, ikuskizunak kontratatzerako orduan "azpeitiarrak izatea lehenetsi dugu".

Hala ere, kanpoko taldeak ere izango dira; Emon taldeak erromeria eskainiko du eta Euskodisko ere gaua alaitu nahian ariko da.

Musika eskaintza interesgarria prestatu dute, baina badaude beste era bateko ekimenak ere. Esate baterako, hainbat erakustaldi eta erakusketa izango dira: kapoeira eta judo erakustaldiez gain, zilindrada handiko motoen eta antzinako autoen erakusketa antolatu dute auto eta moto zaletu guztientzat.

Horretaz guztiaz gain, bertsoak, aretoko dantza, herri kirolak, sokamuturra... ere antolatu dituzte.

Tabernaz taberna ibili dira

Hiru eguneko festak girotzeko asmoarekin, Sanjuandegiko Festa Batzordeak hainbat ekimen antolatu du astean zehar ere.

Ekimen horiek tabernetan egin dira eta, beraz, auzoko tabernak izan dira protagonista nagusiak astelehenean hasi eta gaur arte. Atseden tabernan, adibidez, Jose Mari Karrerek helduentzako ipuinak kontatu zituen eta jendetza bildu zen hari entzuteko. Diego tabernan, berriz, txiste kontalari bat aritu zen eta hark ere jende asko erakarri zuen. Jim Clark tabernan Amaia Garmendiak eta bere taldeak musika saioa eskaini zuten, giro polita jarriz. Ongi Etorri erretegian, azkenik, mus txapelketa azkarra jokatu zuten atzo iluntzean.

Festa batzorde berritua

Sanjuandegiko Festa Batzordea eraberritu egin dute aurten. Azken urteetan auzoko festek beherakada izan dutela ikusita, festa batzorde berrian auzoko hainbat elkartetako ordezkariak elkartu dira "batzorde indartsu eta finko bat lortu eta festak indartzeko". Festa batzorde berria, aurreko batzordeko kideez gain Bide-Ona tabernarien taldeak, Gu-Iturri, Vivero eta Loiola Bide-Zahar elkarte gastronomikoek eta zenbait auzokidek osatzen dute.

Egitaraua

Ekitaldi gehienak Ongi Etorri erretegiaren ondoko agertokian izango dira.

Ekainak 6, ostirala

  • 20:00. Txupinazoa.
  • 20:05. Erraldoi eta buruhandiak eta Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleak kalejiran.
  • 20:30. Triki-poteoa.
  • 22:00. Aretoko dantzak Jose Mari Orbegozorekin.
  • 00:00. Euskodisko.

Ekainak 7, larunbata

  • 10:00. Judo erakustaldia, Kimura klubekoekin.
  • 11:00. Zilindrada handiko motoen eta antzinako autoen karabana. 12:00etan, horien erakusketa.
  • 12:30. Triki-poteoa.
  • 14:30. Auzo bazkaria.
  • 17:00. Haur parkea, txokolate jana, jokoak eta batukada.
  • 18:00. 4 urtetik gorakoentzat, ipuin kontalaria, ludotekan.
  • 19:30. Erraldoi eta buruhandien eta Juan Antxietakoen kalejira.
  • 22:30. Bertso saioa. Jokin Uranga, Jose Luis Gorrotxategi, Haritz Etxeberria Ministro, Andoni EgaƱa, Amets Arzallus eta Amaia Agirre.
  • 00:00. Elvisavuelo eta Ezinean-en kontzertua. Gero, dantzaldia Emon-ekin.

Ekainak 8, igandea

  • 06:00. Txokolate jana.
  • 07:00. Sokamuturra.
  • 09:00. Salda eta pintxoak.
  • 10:00. Haurrentzako krosa.
  • 11:00. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 11:30. Kroseko sari banaketa.
  • 11:30. Erretiratuentzako hamaiketakoa.
  • 12:00. Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurreneko omenaldia. Gero, dantzari txikiak.
  • 16:30. Haurrentzako pottokak eta zezenak.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 20:00. Kapoeira saioa.
  • 21:00. Suzko zezena.

Alex Silva: "Jaiak parte-hartzaileagoak izateko, galdutako ekitaldiak berreskuratu ditugu"

Alex Silva (Azpeitia, 1989) Sanjuandegiko Festa Batzordean ari da lanean, Bide Ona Elkarteko ordezkari bezala. Gaur hasiko diren Sanjuandegiko Udaberri Jaietan herritarrek gehiago parte hartzea nahi dutela dio.

Sanjuandegiko Festa Batzordea aurten indartu egin da, zein helbururekin?

Udalak deituta, Sanjuandegiko Festa Batzordea indartzeko bilera irekia antolatu zen. Batzordea ahul zegoela eta indartzea komeni zelako, parte hartuko al genuen galdetu ziguten. Bilera horretan auzoko bizilagunak, elkarte gastronomikoetako ordezkariak eta Bide Onakoak bildu ginen. Ni Bide Ona Elkarteko ordezkari bezala nabil Festa Batzordean. Bakoitzaren esperientziak elkartzea izan da batzordea osatzekoaren asmoa. Beste urteetan baino jende gehiago bildu gara eta era askotako jendea gaude. Honek, festei herri ikuspegi zabalagoa emateko aukera ematen du, taldea heterogeneoagoa delako. Festak indartzeko ere bide ona da hori eta lana egiteko ere erraztasun gehiago ematen du.

Nola egin duzue lan Festa Batzordean?

20-25 lagun inguru ari gara lanean Festa Batzordean. Lehen aldiz bildu ginenean organigrama bat osatu genuen, eta hainbat taldetan banatu ginen, bakoitzaren eginkizunak zehaztuz. Gero, talde bakoitzak bere ordezkaria du.

Sanjuandegiko festek indar handia dute.

Indar handia izan dute, baina azken urteetan jendea parte hartzera baino gehiago ekitaldiak ikustera joan izan da, batik bat. Hori mantendu nahi izan dugu, baina beste mota bateko ekitaldiak ere antolatu nahi izan ditugu, jendeak jaietan parte har dezan. Horrek diru gehiago esan nahi du, eta finantzabide berriak topatu behar dira...

Nola lortzen duzue festak antolatzeko dirua?

Finantzabide nagusia Azpeitiko Udala da, baina ekitaldi batzuetarako beste bide batzuk ere baditugu: auzoko dendak, bankuak, enpresak... Aurten, gainera, Festa Batzordeak txosna jarriko du, eta kamisetak salduko ditugu diru iturri berriak izateko.

Aurten jaietan azpiegitura aldetik berrikuntza batzuk dituzue, ezta?

Bai, hala da. Jose Antonio Agirre plazan ez da komeni kamioiak eta sartzea. Beraz, aurten, Ongi Etorri erretegiaren ondoan jarriko dugu agertokia; horretarako, ordea, errepide hori moztu beharko da eta aparkaleku asko galduko da. Hori kontuan hartuta, beste toki batean aparkalekuak egokitzeko eskatu genion Udalari. Aldaketa ez da guk eskatutakoa izan; behartutakoa izan da, azken batean. Gero, Udalari megafonia eskatu genion kaleak alaitzeko. Azpiegitura aldetik horiek izan dira berrikuntza garrantzitsuenak.

Ekitaldi aldetik, haurrentzako krosa eta bertso saioa antolatu dituzue aurten.

Urterokoa bakarrik ez antolatzearren ekitaldi berri batzuk sartzen saiatu gara. Aurreko urteetako festen inguruko dokumentazioa jaso genuenean, orain dela urte batzuk gaur egun egiten ez diren zenbait ekitaldi antolatzen zirela ikusi genuen. Esaterako, 1986. urtera arte judo erakustaldia antolatzen zuten; orduan, judo taldekoekin hitz egin eta lehengo ohitura hori berreskuratu dugu. Krosa ere garai batean egiten zen. Ekitaldi berriak gehitu baino gehiago, ohitura zaharrak berreskuratzen saiatu gara. Galdutako ekitaldi batzuk berreskuratu ditugu, festak parte-hartzaileagoak izateko asmoarekin. Izan ere, pixkanaka ekitaldi parte-hartzaileagoak sartuko ditugu. Ideak ez dira berriak, lehengo festetatik ateratakoak baizik. Hori bai, bertso saioarena berria da.

Jaietarako aparkalekuak egokituko ditu Udalak

Sanjuandegiko Udaberri Jaietarako autoentzako aparkalekuak egokituko ditu Udalak, Oktogonoan eta Betharramdarretan.

Udalekoek adierazi dutenez, Sanjuandegin jaiak diren bitartean Euskal Herria kaleko epaitegi aurreko autoen aparkalekua barrakak jartzeko erabiltzen da. Beraz, bai jaietara datoztenentzako edota herritarrentzako, bi jolastokiak aparkaleku bezala erabiltzeko zabalduko dituzte.

Oktogonoko jolastokia gaur, bihar eta etzi zabalduko dute: gaur gauez, eta bihar eta etzi egun osoz. Betharramdarretakoa, berriz, bihar zabalduko dute, baina gauez bakarrik.

Hainbat berrikuntza dago jaietan

Sanjuandegiko Festa Batzordeak hainbat berrikuntza sartu ditu aurten Udaberri Jaietan. Diru iturri berriak izateko txosna jarriko dute asteburuan eta kamisetak ere jarri dituzte saltzen, 7 eurotan. Bestalde, bihar auzo bazkarira joaten direnek txartela erosten dutenean kamiseta jasoko dute, doan.

Aurten, gainera, agertokia jarriko dute kalean, eta haren inguruan egingo dira festetako ekitaldi gehienak. Horrez gainera, Udalari auzoko kaleak girotzeko megafonia jartzeko eskatu diote.

Sanjuandegiko jai batzordeak interneten leihoak ere ireki ditu festen inguruko berriak eta argazkiak jartzeko, hona helbideak: www.blogak.com/sanjuandegi eta www.uztarria.com/blogak/sanjuandegi.