Bagerako taberna itxi egingo dute igogailu berria jarri bitartean

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 2a, 11:06

Eraikinean igogailu berria jarri beharra dago eta ekainaren 2tik uztailaren 14ra taberna itxita egongo da

Bitartean, Udalak Sindikatu Zaharrean lokala egokituko du erretiratuentzako

Bagerako taberna (lehen Aitonena I) itxi egingo dute ekainaren 2tik uztailaren 14a bitartean. Taberna eramaten duenari Udalarekin duen kontratua bukatu zaio eta eraikinean igogailu berria jarri behar dute.

Udaleko arduradunen esanetan, "igogailua egoera txarrean dago eta berria jarri behar da. Igogailuko lanak egiten diren bitartean, Eguneko Zentroa taberna dagoen tokian egokituko dugu, behin-behinekoz. Orain bigarren solairuan dago eta igogailurik gabe ezin dute bertara igo".

Udalaren asmoa Eguneko Zentroa Damaso Azkue auzora eramatea da, baina hango lanak egin bitartean Bagerako eraikineko beheko solairuan egongo dira zentrokoak.

Tokia, Sindikatu Zaharrean

Uztailaren 14a bitartean Bagera Ieko taberna itxita egongo denez, Udalak Sindikatu Zaharrean lokala egokituko du erretiratuentzako. "Batzuek karta jokora edota egunkaria irakurtzera Bagerako tabernara joateko ohitura dute. Hoientzako Sindikatu Zaharrean lokal bat egokituko dugu, mahaiekin eta kafe makinarekin", azaldu dute Udalekoek.