Azpeitian gai organikoak bereizita jasotzen hasiko dira ekainaren 9tik

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 2a, 11:06

Bildutako gai organoak tratatzeko eta konposta egiteko planta Lapatxeko zabortegian eraikiko dute

Azkoitian astebete geroago abiatuko dute egitasmoa, eta Zumaian eta Zarautzen, berriz, urrian

Gai organikoak bereizita jasotzeko egitasmoa Azpeitian jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren astetik aurrera. Astehenetik ostegunera bitartean, izena eman gabe daudenek izena emateko aukera izango dute.

Herrian 26 edukiontzi jarriko dituzte, marroiak, eta giltzarekin funtzionatuko dute . Ostegunetik larunbatera, egitasmoan parte hartzeko izena emanda edota ematen duten herritarrekin, informazioa emateko saioak egin dituzte eta orduan banatuko dituzte edukiontziak irekitzeko giltzak. Ekainaren 9tik aurrera, berriz, hasiko dira Azpeitian gai organikoak jasotzen. Azkoitian, berriz, hori guztia astebete geroago egingo dute. Zarautzen eta Zumaian, aldiz, urrian hasiko dira gai organikoak biltzeko egitasmoarekin.

Gai organikoak biltzeko izena 400 herritarrek baino gehiagok eman dute Azpeitian, eta astelehenetik ostegunera izena emateko aukera zabalduko dute berriro, 943 670249 telefono zenbakira deituta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu du egitasmoa, urtebeteko epean proba modura. "Aurrena Gipuzkoako udalerri batzuetan bakarrik egingo da, helburua gaikako bilketa honek eskaintzen dituen aukerak ezagutzea baita". Sukaldatu gabeko barazkien eta fruituen hondakinak bereizita jaso eta bildutakoarekin kalitateko konposta egitea dute helburu Aldundikoek. "Gipuzkoa osoan hondakin organikoen bereizita biltzen hasten garenean, urtean 60.000 tona hondakin organiko konposta bihurtuko ditugu, gero lorezaintzan erabiltzeko", azaldu dute Aldundiko arduradunek.

Lapatxen planta

Bildutako gai organikoak tratatzeko eta konposta egiteko planta Lapatxeko zabortegian eraiki dute, eta asteazkenean inauguratuko dute.

Gai organikoen edukiontziak Azpeitian

Izena emateko:

  • Zeinek? Konposta egiteko gai organikoen egitasmoan parte hartu nahi duten eta lehen izena eman gabe dauden herritarrek oraindik ere izena eman dezakete.
  • Modua eta egunak. Gai organikoen bilketarako egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek, ekainaren 2tik 5era (astelehenetik ostegunera) eta bulego ordutegietan 943 670249 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.

Informazio bilerak eta materiala:

  • Bilera egunak eta ordutegia.Gai organikoak bildu nahi dituzten herritarrentzako informazioa eta materiala banatzeko saioak antolatu dituzte, ekainaren 5etik 7ra (ostegunetik larunbatera), Enparan Dorretxeko lehen solairuko bilera gelan. Ordu erdiro bilera bat hasiko da.

-Ostegunean eta ostiralean, 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

-Larunbatean, 09:30etik 13:00etara.

  • Ordu erdiko saioak. Ordu erdiro dira informazioa emateko bilerak eta bertan materiala banatuko dute (informazio liburuxka, edukiontzietarako giltza eta etxerako edukiontzi txikiak eta poltsak).

Azpeitian non?

  • 26 edukiontzi.Gai organikoak (sukaldatu gabeko barazkien eta fruituen hondakinak) botatzeko 26 edukiontzi marroi jarriko dituzte. Giltzaz itxita egongo dira eta erabiltzeko aurrez izena eman behar da. Azpeitian, toki hauetan jarriko dituzte edukiontziak:

-Garmendi auzoa, 5-6. zenbakien artean.

-Garate Anaiaren auzoa, 9. zenbakian.

-Hartzubia hiribidea, zezen-plaza aurrean.

-Pablo VI.a, 6. zenbakiaren atzekaldean.

-Pablo VI.a, 20. zenbakian.

-Salbe auzunean, 20. zenbakian.

-Salbe auzunean, 25. zenbakian.

-Urbitate kalea, 6. zenbakian.

-Euskal Herria auzoan, 26. zenbakiaren aurrean.

-Euskal Herria auzoan, Eroski aurrean.

-Euskal Herria auzoan, 40. zenbakian.

-Barrenetxe auzoan, 4. zenbakian.

-Julian Elorza kalean, 1-3an.

-Santiago kalean, 3-5ean.

-Perez Arregi plazan, Etxe Zuri aurrean.

-Goiko kalea 12an, Artetxe ondoan.

-Arana kalea 2an, karakolaren beheko aldean.

-Etxe Alai auzoa, 5. zenbakian. Edukiontzi grisaren ondoan.

-Loiolako Inazio Hiribidea 1ean, Juantxo jatetxearen aurrean.

-Arana Goikoa kaleko 10. zenbakian.

-Santutxo auzoan.

-Azkune fruituak-en.

-Foru Ibilbidean, edukiontzi grisaren ondoan, azoka plaza atzean.

-Juan XXIII.a auzoa, Frantziskanen ondoan.

-Iberotarren plaza 2an, Urola Kalea (beste edukiontzien ondoan).

-Soreasu auzoa (beste edukiontziekin batera).