Energia politikaren ondorioa

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 30a, 12:05
Ezkerretik eskubira, Alberto Frias, Jose Inazio Hormaetxea eta Roberto Bermejo.

Atzo, osteguna, Azpeitian eskualdeko natur taldeek antolatutako mahai-inguruak agerian utzi zuen energia eskaerari erantzuteko arazoak ditugula

Dena dela, ez da Gazumekoa aukerarik onena, batzuen ustez

Euskadiko energia politika. Gazumen zentral eolikoa eraikitzea beharrezkoa al da? Galdera horri erantzuten saiatu ziren herenegun Azpeitiko Enparan Dorretxean mahai-inguruan bildutakoek. Han ziren Euskal Energiaren Erakundeko zuzendari nagusi Jose Inazio Hormaetxea, Eguzki talde ekologistaren ordezkari Alberto Frias eta Ekonomian doktore eta EHUko irakasle Roberto Bermejo, batik bat gaztelera hutsean egindako saioan. Bertan ziren, baita ere, mahai-ingurua antolatu zuten eskualdeko natur taldeetako ordezkariak ere. Ikusleen artean, berriz, baitziren Errezilgo biztanleak ere.

Denen artean Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak energiaren inguruan duten arazoa azaldu eta norbere iritzia eta arrazoiak eman zituzten. Jende ugari hurbildu zen mahai-ingurua entzun eta gaiari buruz gehiago jakiteko asmoz.

Hirugarren krisi energetikoaren atarian

Ekonomian doktorea eta EHUko irakasle Roberto Bermejok gaur egun munduak energiaren inguruan bizi duen egoera eta arazoa azaldu zituen. Bere esanetan, "mundu mailan energia aztertzen duten zenbait adituren iritziz, hirugarren krisi energetikoaren atarian gaude" adierazi zuen Bermejok.

Erregai fosilen aroa bukatzen ari dela azpimarratu zuen: duela 44 hilabetetatik petroleo eskaintza geratuta dagoela eta eskaera, berriz, gero eta handiagoa dela. Gainera, ohiko beste energia iturriak ere, ikatza eta gas naturala esate baterako, egoera berdinen daude. "90eko hamarkadatik gas kontsumoa eskaintza baino handiagoa da. Bestalde, Txina hilero ikatzarekin energia sortzen duten zentral ugari irekitzen ari da, eta horrela jarraituz gero, hogei urte barru baliabide natural hau lortzeko ere arazoak izango ditugu".

Egoera "larri" honi aurre egiteko, Europako Batasunak plana jarri du martxan 2020rako kontsumitzen den energiaren %20 energia berriztagarria izateko.

Energiaren %4 berriztagarria

Gaur egun Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ekoizten den energiaren %4,4 "soilik" da energia berriztagarria. Horren aurrean, Euskal Energiaren Erakundeko zuzendari nagusi Jose Inazio Hormaetxeak adierazi zuenez, "%4,4 horren %8 da haizetik lortzen den energia. Gure asmoa ekarpen hori datorren urteetan handitzea da. 2010erako ekoizten dugunaren %12 energia berriztagarria izatea nahi dugu".

Zentral eolikoen kokapena

Hormaetxek azaldu zuenez, 2002an Haize Energairen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) onartu zenean 2 faktoreren arabera aukeratu ziren zentrak eolikoen kokalekuak. "Haize baliabideen eskuragarritasuna eta parke eolikoek ingurumenean sortuko luketen eraginaren arabera egin zen aukeraketa. Haizearen eskuragarritasunari dagokionez, 29 kokaleku onartu ziren, baina ondoren egindako ingurumen azterketak 11 kokalekutan bakarrik egin daitezkeela erakutsi zuen". Zentral horiek denak bi taldetan banatu zituzten, eta lehenengo taldeko zentral eolikoak martxan jarri direnean, bigarren taldekoen proiektuak esleitzen hasi dira, azaldu zuen EEEko idazkari nagusiak. "Elgea-Urkillo, Oiz, Badaia eta Punta Lucero jadanik ekoizten ari dira". Baina, Hormaetxeren azalpenak ez zuen gustura utzi Eguzki talde ekologistako ordezkari Alberto Frias eta honek Haize Energiaren Lurralde Plan Sektoriala "engainua" zela erantzun zion.

Friasen esanetan, "1996an konbenioa sinatu zuten Euskal Gobernuak eta Iberdrolak, Euskadiko plan energetikoa garatzeko. Baldintzetako baten arabera, gobernuak laguntza eman behar zion Iberdrolari berak proposatutako proiektuak gauzatzeko". Akordio horren arabera, zentral eolikoak ez ziren eraikiko irizpide ekonomikoen arabera soilik, kontuan hartuko baitziren ingurumen eta giza irizpideak ere. Eguzki taldeko ordezkariak, energiaren lotura duten enpresa pribatuen, banketxeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean dagoen erlazioa eta "negozioak" zerrendatu zituen jarraian.

Lurralde Plan Sektoriala

Ordunteko zentral eolikoa Haize Energiaren LPSaren lehenengo taldean zegoen arren, "ez zen egin, bigarrenez egin zen ingurumen azterketa batek kaltegarria zela adierazi baitzuen. Honek plana ez zela ongi planteatu erakusten du", talde ekologistako Friasen esanetan.

Horren harira, Ordunteko inpaktu maila %57,6koa dela dio LPSak, eta Gazumeko, berriz, %56,8koa da. "Argi ikusten da Gazumek atzera bota den beste zentral eoliko baten ia ingurumen arrisku bera duela. Zergatik eraiki behar da Gazumeko zentral eolikoa?", galdera bota zuen Friasek.