Aratz Errekako 'Atxumarria Goikoa' baserrietako bat guztiz erre da

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 30a, 11:05
Argazkietan, 'Atxumarria Goikoa' baserrietako batean sua itzaltzen suhiltzaileak eta bertako baserritarrak.

Suhiltzaileek 10:30ean jaso zuten deia

Etxean ez zegoen inor eta alboko baserriko artzainak deitu zien

Aratz Errekako Atxumarria Goikoa baserrietako bat oso-osorik erre zen atzo, osteguna. Atxumarria Goikoa, administratiboki OƱatz auzokoa da eta bi bizileku daude bertan, bata bestearen kontra. Batean inor ez da bizi eta ardiak gordetzeko erabiltzen du artzain batek, eta bestean, erre denean, zazpi senide bizi dira. Atzo sua sortu zen unean etxean ez zegoen inor, baserritarrek 'Urola Kostako Hitza'-ri atzo eguerdian adierazi ziotenez: "Ni neu osabarekin anbulatoriora irten naiz 09:30ak aldera eta senarra ere orduantxe irten da etxetik, autoarekin lantegira joateko. Anbulatorioan nen- goela udaltzainek deitu didate etxea sutan zegoela esateko". Etxetik irten zirenean haize handia egiten zuela du gogoan.

Baserritarrak oso hunkituta zeuden atzo, etxe osoa erre zitzaielako: "Ezer ateratzeko astirik ez dugu izan. Ganadua eta abereak denak kanpoan genituen, baina barruan geneukan guztia erre egin da. Ganbara ere hutsik zegoen, lasto fardo batzuk besterik ez zeuden. Behean kutxa zahar batzuk zeuden eta haiek handituko zuten sua...".

Suhiltzaileek 10:30ak aldera jaso zuten abisua. Alboko baserriko artzainak deitu zien, aldemeneko baserritik kea ateratzen zela konturatuta; arditara joan zenean ohartu zen suaz.

Albokoa babesteko lanean

Atzo 14:00ak aldera suhiltzaileek sua itzaltzeko lanean jarraitzen zuten Atxumarria Goikoan; baina ez zekiten zerk eragin zuen sua. Suhiltzaileen buruak azaldu zuenez, kamioiekin baserrira heldu zirenerako erretako teilatu zati bat erorita zegoen. Batik bat sua kontrolpean edukitzea zen suhiltzaileen kezka, "ondoko baserria babesteko".