Eliz kalean Korputz jaiak ospatuko dituzte gaur hasi eta larunbata bitartean

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 29a, 13:05
Eliz kalea.

Eliz kaleko Jai Batzordea urtero antzeko ekitaldiak antolatzen saiatzen da Korputz festetan

Joan den larunbatean jokatu zuten Erratz txapelketan hamabost bikotek parte hartu zuten

Gaur arratsaldean Eliz kaleko Korputz jaiak hasiko dituzte, kale horretako Festa Batzordekoek antolatuta. Festei hasiera Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek emango diote, urtero bezalaxe, eta txikienen gozamenerako, buruhandiak ere ez dira faltako. Gero, kaleko hildakoen aldeko meza antolatu dute parrokian.

Urtero antzeko ekitaldiak antolatzen saiatzen dira Festa Batzordekoak. "Hiru lagunek osatzen dugu jai batzordea. Urtero jaiak antolatzeko deialdia egiten dugu kalean, baina inork ez du izenik ematen. Egia esanda, gazte gutxi bizi da kalean... Urtero antzeko ekitaldiak antolatu ohi ditugu, horiei eusten saiatzen gara. Lana da jaiak antolatzea, kontu txiki asko lotu behar delako", dio Amaia Garmendiak, Eliz kaleko Festa Batzordekoak. Emakumezkoentzako Pala Txapelketa ere antolatu dute aurten. "Neskak han parte hartzera gonbidatu nahi ditugu", dio.

Erratz txapelketan 30 lagun

Erratz txapelketa ere ohikoa izaten da Eliz kaleko korputzetan. Joan den larunbatean jokatu zuten XXI. Karta Joko Txapelketa, Mendizaleen tabernan. Hamabost bikotek parte hartu zuten, eta Moreno-Omarrek osatutako bikotea izan zen irabazlea; bigarren, Juanita eta Gloria izan ziren. Halaxe azaldu du Garmendiak, "urtero 15-20 bikotek parte hartu ohi dute karta jokoan".

Egitaraua

Maiatzak 29, gaur

18:00. Jaien hasiera Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilariekin. Ondoren, buruhandiak.

19:30. Meza parrokian, kaleko hildakoen alde.

Maiatzak 30, bihar

18:00. Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilarien kalejira. Ondoren, buruhandiak.

22:30. Laja eta Egurenekin erromeria.

Maiatzak 31, etzi

12:00. Emakumezkoen Pala Txapelketako finalerdia, Frontoi Txikian.

13:00. Itsasi Dantza Taldea.

16:00. Emakumezkoen Pala Txapelketako finala, Frontoi Txikian.

19:00. Txalapartariak.

19:30. Juan Antxieta Musika Eskolako haurrekin, kalejira.

20:30. Afaria, Aitonenan.

23:00. Laja, Eguren eta Ziolarrekin dantzaldia.

24:00. Zozketa, Aitonena tabernan.