Azken 'xextero'-ak

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 26a, 12:05
Goiko argazkian, Juan Zabaleta 'Txistu' otarrak egiten Nuarbeko otargileen tailer zaharrean. Bigarrenean, Joxe Mari Etxeberria. Hirugarengoan, Patxi Gurrutxa eta Joxe Mari Etxeberria otargileak Nuarben. Laugarrenean, Nuarbeko otar

Garai batean, Nuarben otargile ugari zegoen, baina gaur egun bakar batzuk besterik ez dira gelditzen, eta adinekoak

Mahatsa biltzeko, itsasorako, eraikuntzarako... "denean" erabiltzen zen garai batean otarra

Atzera 70 urte eginez gero, Nuarbeko tailerra otargintzan ari diren langilez beteta irudikatu daiteke, eta etxaurreetan beste asko eta asko, hauek ere otarrak egiten. Otarra egiten "ume koskorretan denek" ikasi izan dutela diote gaur egun Nuarben gelditzen diren azken otarginek.

"Nuarben bakarrik ez, Beizaman, Matxinbentan, Urrestillan... baserritik baserrira eta etxetik etxera dena xexteroa zen. Beste herri askotan ere xexteroa bazen garai hartan", kontatzen dute Patxi Gurrutxagak eta Joxe Mari Etxeberriak, lasai ederrean Nuarben bakoitza eserleku batean eserita solasean dauden bitartean. "Gure gurasoek ere jarduten zuten, eta guk haiengandik ikasi genuen. Etxekoak, denok ikasi genuen otarrak egiten. Soldaduskara joan bitartean denok xextogintzan jarduten genuen. Behin handik etorritakoan gehienek beste lanbide bat hartu zuten", diote biek.

Askoren lanbidea izan da otargintza Nuarben, baina gaur egun esku bateko hatzekin kontatzeko adina otargile gelditzen dira bertan. "Nik neuk 40 urte egin nituen arte xextogintzan jardun nuen, baina handik-eta erretiroa hartu nuen bitartean enpresan jardun dut lanean", dio Gurrutxagak. Etxeberriak, ordea, 85 urterekin otarrak egiten jarraitzen du, "hau izango da lan horretan izan den zaharrena, urte horiek arte beste inork ez zuen jardungo xextogintzan", dio Gurrutxagak.

.85 urterekin otargile

Abuztuan 86 urte egingo dituela esaten du Etxeberriak: "14 urterekin- edo, mutil koskorretan hasi nintzen xextero, atera kontuak!". Otargintza garai hartatik gaur egunera "ederki" aldatu dela dio Etxeberriak: "Lehen denetarako behar zen otarra, eta gaur egun batere ez. Orain ere mordoxka eginda daukat, baina jendeak ez du eskatzen...".

Mahatsa biltzeko, itsasorako, eraikuntzarako... "denean" erabiltzen zen garai batean otarra. "Errioxara, Getariara... piloak eramaten ziren hemendik. Otarra gehien uda eta udazkena bitartean ateratzen zen. Antxoa garaian, Getariara piloa eramaten zuten, 500 bat otarra joango ziren... baita txakolinetarako ere", gogoan du Etxeberriak. Gaur egun, ordea, bizitza erabat aldatu dela diote, eta baita otargintzaren aterabidea ere, "mahatsa biltzeko-eta makinak sartu dituzte eta...". Orain, beste modu bateko otarrak eskatzen ditu jendeak, "lehen ia esku-otarrarik ez genuen egiten eta orain perretxikoa dela-eta jendeak horiexek eskatzen ditu gehien".

Etsairik handiena plastikoa

Zumitzezko otarraren etsairik handiena plastikoa izan dela diote Gurrutxagak eta Etxeberriak: "Plastikoak kastigatu zuen xextogintza, lehen xextoa erabiltzen zen tokian orain plastikoa erabiltzen baita". Garai batean otarra piloa egiten zuten, gaur egun, berriz, ia otarrarik ez: "Hemen garai batean 50en bat dozena xexto egingo ziren egunero. Pila galantak egiten ziren, baina udazkenerako asko gastatzen ziren".

Otargintzako lanbidea etxean ikasi zuten gaur egungo otargileek, "aitarengandik-eta". Baina haien gurasoak otargintza "ikasten jardundakoak" zirela diote, "aitak-eta aprendiz jardun behar izan zuten gero xextero izateko. Batere kobratu gabe egin behar izan zuten lana, doan. Behin lanbidea ikasitakoan hasi ziren euren kontura otarrak egiten".

Juan Zabaleta Txistu ere "aitaren ondoan" hasi zen otarrak egiten. Aurten 73 urte beteko ditu eta egunero-egunero otarrak egiten jarduten du oraindik. "Makina bat ordu pasatu dut otarra egiten, lanean denbora asko eta asko. Zenbat? Ez dago esaterik! Jesus, Maria eta Jose!".

Otargileen tailer zaharra

Zumitza ateratzen ari da, Nuarbeko otargintzako tailer zaharraren atzekaldeko lokalean. "Lehen beste etxe batean jarduten nuen, baina hura saldu nuen etxe berriak egiteko eta orain tailer zahar honetan jarduten dut". Otarrak egiteko lantoki duena, lehen otargintzako tailerra izandakoa da. "Atzera lehengo lekura etorri naiz, nonbait nahiko lan ez dugu egin-eta, berriro lehengora", dio. Gaur egun, tailerraren atzeko txokoan du otarrak egiteko labea jarrita, "orain eraikin hau Udalarena da... Barrutik hala moduz dago, baina hementxe jarduten dugu...", dio Zabaletak.

Zabaletak lehendik zituen bezero batzuk mantentzen ditu eta haien eskariei erantzuteko egiten du lan, "bezeroak izan ditut eta horregatik beti eduki dut lana". Hala ere, otargintzan kontuak asko aldatu direla dio honek ere, "lehen baserrian aitzurra eta otarra izaten ziren lan tresnak...Beste toki askotan ere otarrarik gabe ez zegoen ezer. Baina orain...".

Makina bat eratako otarrak egindakoa dela dio, "neurria emanez gero edozer gauza ateratzen dugu. Oraintxe bertan, arraindegi baterako otarrak egiten hasi behar dut. Gainontzean, barazkientzako eta ogientzako eskatzen dituzte".

Baina otarrak egingo badira, zumitza behar, eta zumitza izateko, egurretara mendira joan behar. Sei-zazpi urte inguruko gaztaina izaten da egokia otarrak egiteko, "garai horretan moztu eta gero berriro irteten du gaztainak. Baina orain xextero gutxi gaude eta mendietan dagoen egurra zahartuta dago; hogeitaka urtekoak daude eta horiek ez dute balio".

Egurretara mendira

Egurretara urtean behin edo bi urtean behin joaten dela dio Zabaletak: "Baso handia egokitzen bada bi urterako egurra ekarri izan dut, baina gainontzean urtero joaten naiz". Bera joaten da mendira. "Onena egurretara norbera joatea izaten da, egur batetik bestera aldea dagoelako. Kalitatezkoa izatea garrantzitsua izaten da, eta horrelakoa non egoten den jakiten dugu".

Egurraren kalitatea garrantzitsua dela dio, baina baita adarretik zumitza ondo ateratzea ere: "Ondo beharrezkoa da zumitza egoki ateratzea, ondo ateratzen ez bada ez baita gauza onik egingo". Baina otarra ondo egiteko "dena" egin behar dela uste du, "dendena, hasi eta bukatu".

Otargintzak etorkizun beltza duela dio Zabaletak: "Gaur egun lan honetan ari den jende gutxi dago eta xextero ikasten ari dena, berriz, gutxiago. Guk, berriz, adinean aurrera, baina hementxe jarduten dugu. Bai, hementxe egunero egurrarekin borrokan. Eta egurrak berak borroka egin, edo egurrari berari borroka egin alde handia dago". Hori dioen bitartean, lanean ari da gaztainetik zumitza atera eta atera.