Saninazioak antolatzeko bilera deitu du Udalak, ostegunerako

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 26a, 11:05

Gazte Asanbladak parte hartuko du jai euskaldun, parekide, parte-hartzaile eta herrikoiak eskatzeko

Ostegunean, 20:00etan izango da bilera, Udal areto nagusian

San Inazio jaiak antolatzen hasteko bilera deitu du Azpeitiko Udalak datorren ostegunerako, maiatzaren 29rako. Udal areto nagusian izango da hitzordua, 20:00etan. Udaleko Festa Batzordeak txosnetako talde guztiekin batera finkatu nahi du aurtengo saninazioetarako egitaraua.

Gazte Asanbladaren eskariak

Azpeitiko Gazte Asanbladak, bere aldetik, "egonezina" agertu du gai honen inguruan. "Iaz, Udalarekin egitarau bateratua kaleratzea lortu bagenuen ere, bakoitza bere aldetik aritu zen lanean", adierazi dute gazteek. Urrats bat eman zela aitortzen badute ere, aurtengoan ezin dutela urrats berean gelditu azaldu dute.

Hori dela eta, Udalarekin harremanetan jarri dira. "Udalari garbi utzi diogu herritarroi dagokigula herriak nahi duen festa eredua antolatzea eta gauzatzea", esan dute.

Herritik sortutako jai herrikoiak nahi dituzte Azpeitiko Gazte Asanbladakoek, festek "herriarentzat izan behar dutelako, partehartzaileak, herritarrak ikusle soil izatetik jaietako parte aktibo izatera pasatu behar duelako". Jai euskaldunak nahi dituzte, "gure kulturan oinarrituko diren jaiak behar ditugulako". Kutsu sexistarik gabeko jaien alde ere egin dute, parekidetasuna bultzatuko dutela adieraziz.

Osteguneko bileran izango direla baieztatu dute eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.