Elkartasun Eguna, hilaren azkenean

Uztarria.com 2008ko mai. 24a, 19:05
Frontoi Txikin aurkeztu dute gaur Elkartasun Eguna. Irudian, orduko une bat.

Krosa, herri kirolak, bazkaria, manifestazioa, kontzertuak... izango dira

Euskal Herriak "askatasuna" behar duela esan dute gaurko aurkezpenean, eta preso eta iheslariek "elkartasuna" behar dutela

Aurten ere Azpeitian ez du hutsik egingo presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko Elkartasun Egunak eta, hain zuzen, maiatzaren 31n (larunbata) izango da aurtengoa. Gaur (zapatua) aurkeztu dute hainbat herritarrek, Frontoi Txikin.

Egun 740 euskal preso politiko baino gehiago daude, eta haietako ia denak milaka kilometrora sakabanatuta. "Eta bahituta", Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren iritziz. "Espainiako eta Frantziako estatuek asmatu eta garatu duten espetxe politika hiltzailea, euskal preso politikoak eta euren senideak fisikoki eta psikologikoki suntsitzeko sortua da. Bizi guztirako kartzela zigorra ezartzen diete, larri gaixorik egon arren askatasuna ukatzen diete, eta hori guztia milaka eta milaka kilometrotara sakabanatuta".

Duela aste batzuetatik, gainera, Amnistiaren Aldeko Mugimendua (AAM) epaitzen ari dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. "AAM isildu, zigortu eta espetxeratu egin nahi dute", esan dute gaur Azpeitiko aurkezpenean. "Baina torturak salatzea ez da delitua; delitua torturatzea da. Preso eta iheslariei elkartasuna adieraztea ez da delitua; delitua Paterra azpeitiarra bezala beste 170 preso kondenaren hiru laurdenak beteta espetxean bahituta edukitzea da".

Euskal Herriak "askatasuna" behar duela deritzote, eta preso eta iheslariek "elkartasuna" behar dutela. "Askatasunaren aldeko borrokak eta elkartasunak ekarriko du estatu zapaltzaileen ezintasuna eta errepresio tresna guztien antzutasuna".

PSOEk, "EAJ lagun duela", "gatazka politikoa gaindituko ez duen ziklo errepresibo eta erasokorra abian" jarri duela esan dute, "ezker abertzalea suntsitu nahi duelako".

Egitaraua

11:00. Elkartasun krosa. Sei kilometro. Dortsalak salgai: Aradi, igerilekuan eta Orkatz Kultur Elkartean. Ondoren, lasterkari guztientzat hamaiketakoa eta sari banaketa.
12:30. Herri kirolak plazan.
14:00. Herri bazkaria Azoka plazan. Txartelak salgai: Orkatz, Txarrantxa eta Jim Clark.
16:00. Zirko ttipia umeentzat Olazko Amaren plazan.
16:30. Sokamuturra plazan.
18:30. Manifestazioa plazatik, Euskal Herriak askatasuna behar du! lelopean.
19:30. Manifestazioaren ondoren batukada.
22:00. Kontzertuak plazan: Doubling boys, Camarada Kalashnikov, Skarnio eta Jo ta hanka! taldeak.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org