Emakumeen Mahaiak jaialdia egingo du hilaren 30ean

Uztarria.eus 2008ko mai. 21a, 14:05

Kontzertua, antzerkia eta afaria izango dira ikasturtea borobiltzeko antolatu dituzten ekintzak

Jaialdiaren ondorengo afarira joateko txartelak hilaren 28a baino lehen eskuratu beharko dira

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak, 2007-2008 ikasturteari bukaera emateko, jaialdia egingo du hilaren 30ean, ostirala. Emakumeen Mahaiak, Parekidetasun Sailaren laguntzarekin antolatu du jaialdia eta Beharrametako aretoan egingo dute, 19:00etan hasita.

Emakumeak protagonista, hainbat ekitaldi prestatu dituzte dagoeneko. Amaia Garmendiak emango dio hasiera jaialdiari. Gitarra ikastaroko ikasleekin batera, kontzertua eskainiko du 19:00etan. Garmendiarekin batera, hauek izango dira gitarra joleak: Mari Karmen Martinez, Sandra Arendaño, Rosa Mari Alberi, Mailu Artetxe, Miren Garmendia, Aizpea Goenaga eta Mari Tere.

Ordu erdi geroago, antzerki emanaldia izango da. Alaitz Olaizolak zuzenduta Habemus zirkus antzezlana egingo dute antzerki hastapenetako ikastaroan ibili direnek. Honakoak izango dira antzezleak: Arroxa Borda, Mari Karmen Borda, Aizpea Ibarbia, Ane Arenas, Idoia Altuna, Garazi Urbina, Pili Lizarburu, Rosa Egaña, Ane Mendinuetan, Amaia Garmendia, Lurdes Mendizanal eta Miren Alcedo.

Antzezlanaren ondoren afaria izango dute jaialdira gerturatzen direnek. Kiruri jatetxean afalduko dute, langileek 20 euroren truke eta ikasle, jubilatu eta langabetuek 12 euro ordaindu beharko dituzte.

Afarirako txartelak udaletxean, hilaren 28ra arte

Afarirako txartelak Udaleko Parekidetasun Sailaren bulegoan hartu daitezke, maiatzaren 28a baino lehen. Bestalde, jaialdiaren inguruan informazio gehiago nahi duenak 943 157928 telefonoan eskuratu dezake.