Gizarte parte-hartzeari buruzko prestakuntza ikastaroa emango dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 20a, 14:05

Hilaren 20, 21 eta 22an izango da Sindikatu Zaharrean

Ikastaroa dohan da eta han izena emateko nahikoa da Baketik-ekin kontaktuan jartzea

Gipuzkoako Foru Aldundiak politika publikoan gizarte parte-hartzea sustatzeko helburuaz ikastaro programa berri bat jarri du martxan. Trebakuntza ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza du eta Baketik arduratzen da antolaketaz. Datozen egunetan, maiatzak 20 asteartea, 21 asteazkena eta 22 osteguna, 19:00etatik 21:00etara Azpeitiko Sindikatu Zaharrean Gipuzkoa osoan programatutako hamabi kurtsoetatik bat ospatuko da. Ikastaroa dohan da, eta han izena emateko nahikoa da Baketik-ekin kontaktuan jartzea 943 251005 telefonora deituta, partehartu@baketik.org helbidera idatziaz edota www.baketik.org helbidean sartuaz.

Programa hau Gipuzkoako herritar guztiei eskaintzen zaie eta, bereziki, "hazi nahi duten pertsonei", gizarte-erakundeetan parte hartu edo gai publikoetan interesa duten herritarrei.

Prestakuntza-egitasmo honek oinarrian, horixe da bere abiapuntua, galdera bati emandako erantzuna du: "Zergatik hartu behar dut parte gai publikoetan eta eurez arduratu? Parte-hartzea bizikidetzako eredu demokartikoari benetakotasuna ematea eta gauzatzea da, etika soziala garatzea eta gure baitako gizakiak eta bere harremanetarako gaitasunak dituen beharrak erantzukizunez betetzea".

Ikastaroak "modulotan estrukturatuta" daude, kurtso egun bakoitzeko bat. Lehen moduluak, gizarte parte-hartzeari buruzko teoria eta gogoetak biltzen ditu. Bigarrenak, esperientzia mapa bat eta gizarte parte-hartze aukerak bilduko ditu, eta, azkenik, hirugarren egunean gizarte parte-hartzeari buruzko eta gatazken moldaketari buruzko proposamen taller bat egingo dute. Kurtsoa Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta gizarte mailako erakundeetan "eskarmentu handiko pertsonek" emango dute.